Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ONCE erakundeak eta Eroski Taldeak berritu egin dute itsuen eta ikusmen desgaitasuna dutenen inklusioaren eta autonomia pertsonalaren alde indarrean duten lankidetza hitzarmena, eta ekimenak sustatzen jarraituko dute helburu hori lortze aldera.
ONCEk EAEn duen ordezkari Usue Vallejo Delcanek eta Eroskiko Osasun eta Iraunkortasun arloko zuzendari Alejandro Martinez Berriochoak izenpetu dute bi aldeen arteko akordio berria. Hitzarmenari esker, jarduera kulturalak, prestakuntzakoak eta aisialdikoak garatzen jarraituko dute EAEn ONCEra afiliatuta daudenentzat.
Sinatzaileek nabarmendu dutenez, lantegiak, hitzaldiak, txangoak eta bestelako jarduerak eginez, indartu egingo dute partaidetza soziala, eta tresnak eta ezagutzak emango dizkiete autonomia pertsonal handiagoa lortzen lagunduko dietenak.
Gainera, Eroskik ekarpen ekonomikoa egitea ere jasota dago kolaborazioan, eta, horrekin, ONCEk EAEn bultzatzen dituen programa horiek garatzen lagunduko da.
Bi erakundeek berretsi egin dute elkarrekin aritzen jarraitzeko borondatea helburu jakin batekin: gizarte inklusiboagoa eta eskuragarriagoa sustatzea, eta, hala, gizarteko arlo guztietan ikusmen desgaitasuna dutenen partaidetza betea erraztea.
BESTE GAI BATZUK
Beste gai batzuekin jarraituz, Tuvisa Gasteizko hiri autobusen konpainia publikoak 1.825.800 bidaia eginda itxi zuen maiatza, hilabete horretarako serie erabilgarrian erregistratutako daturik onena eta 2025eko maiatzean baino % 5,1 gehiago. Igoera horrek esan nahi du duela urtebete baino 88.545 joan-etorri gehiago egin direla, autobus bidezko garraioaren bilakaera positiboa finkatuz. 2024ko maiatzarekin alderatuta, hazkundea 196.000 erabilera baino gehiagokoa da,orduan 1.629.493 bidaia egin baitziren.
Izaskun Reyes Tuvisako lehendakariak sozietateko administrazio kontseiluan iragarri duenez, urtarriletik maiatzera bitartean metatutako balantzea ere positiboa da. Horrela, 2026ko lehen bost hilabeteetan, Tuvisak 8.697.366 bidaia zenbatu ditu, iazko aldi berean baino 430.528 gehiago, hau da, urte arteko %5,2ko hazkundea.