Xabier Peña Coca komisarioari genero-indarkeriaren aurkako borrokan egin duen ibilbide luzea aitortu diote Euskadi Menina sariarekin. Espainiako Gobernuaren EAEko Ordezkaritzak sari hau ematen die emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko eta desagerrarazteko egin duten lanarengatik nabarmendu diren pertsona eta erakundeei.
Menina sariak emateko ekitaldia Gasteizko Goiuri Jauregian ospatu da, eta bertan izan dira Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendaria, Josu Bujanda Ertzaintzaren burua, eta Karmelo Martínez Sarobe, Ertzaintzaren Arabako lurralde-burua. Xabier Peña Coca sarituari Denis Itxasok, Gobernuaren Euskadiko ordezkariak, eman dio saria.
Oholtzan, Ertzaintzako komisarioak eskerrak eman ditu Menina sariarengatik, eta “Ertzaintzaren izenean jasotzen dut, esku hartzen duten agente guztiek genero-indarkeriaren prebentzioan egiten duten lan-bikainarengatik”, esan du.
Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunerako egun gutxi batzuk falta direnean, Menina sariek aitortzen dituzte autonomia-erkidegoetako pertsonak eta erakundeak, emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko eta desagerrarazteko etengabe egiten duten lanarengatik eta ekarpenarengatik.
Xabier Peña gaur egun Donostiako Ertzain-etxeko Ikerketa Kriminaleko komisarioa da, eta hogei urtean gai horretan egin duen lan profesionala eta hedapen-lana aitortzen dion sarietako bat jaso du. 2004tik genero-indarkeriaren arloko auditorea den ertzain honek Estatu osoko biltzar eta foroetan parte hartu du hitzaldiak emanez, besteak beste, unibertsitate eta abokatuen elkargoetan, eta askotan hitz egin izan du komunikabideetan ere.
Saria jaso duen ertzain hau IVAC-KREIrekin (Kriminologiaren Euskal Institutuarekin) lankidetzan ere aritzen da genero-indarkeriaren aurkako borrokarekin lotuta aholkulari gisa, eta genero-indarkeriari buruzko biltzarretan argitalpen zientifikoak ere egin ditu. Aipatzekoa da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian egiten duen irakasle-lana ere, bai promozio berrien ikastaroetan bai kategoriaz igotzekoetan eta espezialitatekoetan, bai eta udaltzaingoei zuzendutakoetan ere, genero-indarkeriako aditu gisa. Peña Coca Ertzaintzako Berdintasunerako lantaldeko kidea izan zen, eta gaur egun Ertzaintzan GI prozesuko taldeko kidea da.