Beldur Barik 2023 programaren aurkezpena egin da gaur goizean Beasaingo Igartza jauregian, Herri honetan egingo baita Beldur Bariken urteroko topaketa datorren abenduaren 1ean. Gazteen artean indarkeria matxista eta sexista prebenitzeko ekimen honek Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatzen du, Emakunderen bitartez, eta hiru foru-aldundien eta EUDELen babesa du.
Ekitaldian parte hartu dute Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, Leire Artola Beasaingo alkateak, Joana del Hoyo Arabako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak, Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako zuzendariak, Patricia Campelo Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari nagusiak eta Nati López de Munain Eudeleko ordezkariak.
Ikus-entzunezko lehiaketak, programaren ekintza nagusietako batek, 12 eta 20 urte bitarteko gazteek egindako adierazpen artistikoak saritzen ditu, berdintasun ezari Beldur Barik jarrerarekin nola aurre egiten dieten erakusten dutenak, hau da, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkartasuna eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoa adierazten duten jarrerekin.
Nerea Melgosa sailburuak parte-hartzeari buruzko datuak eman ditu. Zehazki, 300 lan inguru aurkeztu dira, eta horietatik 220 onartu dira lehiaketara, gehienak taldean aurkeztuak. "Garrantzitsua da lanak taldean egitea, sorkuntza-prozesua gazteen artean emakumeen aurkako indarkeriari buruz elkarrekin hausnartzeko eta eztabaidatzeko prozesu bihurtzen baita", nabarmendu du Melgosak. Lan gehien aurkeztu diren adin-tartea 14 eta 18 urte artekoa izan da, % 70eko ordezkaritzarekin, eta lehiaketarako proposamen gehien egin dituen lurraldea Bizkaia izan da.
Honako hauek izan dira lanek jorratu dituzten gai nagusiak: rol eta estereotipo sexistak, indarkeria matxista bikotearen esparruan, kaleko jazarpena, emakumeen ahalduntzea eta eskubide- eta aukera-berdintasunaren printzipioaren aldarrikapena. Hala ere, proiektuetan nolabaiteko zailtasuna ikusten da eguneroko espazioetan gertatzen den indarkeria matxista identifikatzeko. Hori dela eta, sailburuak onartu duenez, "beharrezkoa da eduki horiek gazteekin azpimarratzea. Indarkeria matxista eta desberdintasuna antzemateko tresnak eskaintzen jarraitu behar dugu".
2023. edizio honetan gizonezkoen korporatibismoan jarri nahi izan da arreta, indarkeria matxistaren prebentzioan eta erantzunean mutilek duten paper aktiboa bultzatzeko. Helburu hori nabarmendu du Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak: "Garrantzitsua da mutilak ere emakumeen eta gizonen berdintasunerako aldaketaren eragile sentitzea. Gizonezkoen korporatibismoa baztertzea, pribilegioak aitortzea, botere-harremanak antzematen eta saihesten laguntzea…". Elgarrestak sentsibilizazio-ahalegin hori berretsi du, "gizon izateko beste modu batean ikas dezaten", eta, era berean, "nesken ahalduntzearen alde lanean jarraitzen dugu".
Erakundeen konpromisoa
Arabako Foru Aldundiko Berdintasuneko eta Giza Eskubideetako zuzendari Joana del Hoyok nabarmendu du garrantzitsua dela gazteek tresnak izatea berdintasun eza eta indarkeria sexista detektatzeko ". Era berean, ohartarazi du azkenaldian" indarkeria matxista hutsaltzen eta erlatibizatzen duten jarrerak eta diskurtsoak areagotzen ari direla nerabeen eta gazteen artean". Horregatik, "Beldur Barik jarrera" lantzen jarraitzearen aldeko apustua egin du, "gazteak ahalduntzeko eta desberdintasun- eta indarkeria-egoeren aurrean erantzuteko gaitasuna sustatzeko tresnak" eskaintzen baititu.
Ildo beretik mintzatu da Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako zuzendari Nerea Isasi ere, eta Beldur Barik ekimenak gazteentzat dakarren ariketa baloratu du, "neska gazteak eragile aktibo bihurtzen dituelako, sormenetik eta beren kode, ideia eta adierazteko moduak erabiliz". Emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lan egiten jarraitzeko konpromiso instituzional eta sozialari dagokionez, Isasik nabarmendu du "gazteek esan behar dutena entzutea ere balio handiko ekarpena dela Aldundiarentzat".
EUDELeko ordezkariak, Nati López de Munainek, adierazi duenez, Beldur Barik "tokiko prozesuetan integratzen denean indar guztia hartzen duen hezkuntza-tresna bat da". Eta mutil, mutiko eta nerabeekin lanean aurrera egiteko beharra azpimarratu du, "gure gazteak berdintasunaren aldeko aktibistak izan daitezen, eta beren ingurune hurbilean sexismoaren eta indarkeria matxistaren adierazpen guztiak aitortu eta borrokatu ahal izan ditzaten".
Leire Artola Beasaingo alkateak bere aldetik adierazi du, pozgarria dela aurten Beasain Beldur Barik herria izatea. “Beasainen urtean zehar hainbat prebentzio programa eta kanpaina garatzen dira, baina morez markatutako eguna azaroaren 25a izaten da, non herritarrak, mugimendu feministak zein administrazio erakundeek bat egiten duten, eta ahotsa altxatzen duten errealitate gordin honen aurka. Indarkeria matxista arazo konplexua da eta hori konpontzeko erantzun integralak behar dira. Horregatik 2023ko Beldur Barik edizioa eta topaketa Beasainen izatea pozez eta erantzunkizunez hartu dugu, Beasainen ere bat egiten dugulako indarkeria matxistaren aurka, herritarren kontzientziazio, sentsibilizazio eta ardura sustatuz”.
Topaketa
Datorren ostiralean, abenduak 1, Beldur Barik Topaketa ospatuko da Beasaingo Usurbe Antzokian. Sari banaketa ekitaldia Iban Garciak eta Annekdotas-ek aurkeztuko dute, eta Alarma Morea taldea izango da bertan. Egun horretarako autodefentsa feminista, sexualitatea, maskulinitateak, ziberjazarpen sexista eta ahalduntzeari buruzko tailerrak antolatu dira. Halaber, elkarretaratzea egingo da Usurbe Antzokiaren aurrean, tokiko gazteei indarkeria matxistaren aurka ahotsa emateko.