Arabako eta Euskadiko herritarrak gero eta kontzientziatuago daude ingurumenarekin, eta gero eta gehiago bultzatzen dute jasangarritasuna. Hala erakusten du Eusko Jaurlaritzaren azken txosten batek, non euskaldunen konpromiso soziala islatzen den.
Hala, 10 pertsonatik ia 9k uste dute erosketa-erabakiek enpresek modu arduratsuagoan ekoiztea eragin dezaketela, ekonomia zirkularrari eta hondakin-kudeaketari buruzko herritarren pertzepzioaren gaineko azterlanean jasotako emaitzen arabera. Azterlan hori Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egin zuen, Ihobe sozietate publikoak eskatuta, 2023ko urriaren 2tik 6ra bitartean hiru lurralde historikoetan telefono bidez egindako mila elkarrizketa oinarri hartuta. Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuak, Aitor Aldasorok, eta Ihobe sozietate publikoko zuzendari nagusiak, Alexander Botok, aurkeztu dituzte Bilbon aipatutako txostenaren ondorioak, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea hastear dagoela; izan ere, azaroaren 18tik 26ra egingo da Europar Batasuneko Estatu kideetan, hondakinen kudeaketari eta baliabideak egoki erabiltzeari buruz kontzientzia sortze aldera. “Azterlanaren helburua zen ekonomia zirkularrari eta hondakinen sorrera eta kudeaketari dagokienez euskal herritarren iritzia eta ohiturak ezagutzea. Adostasun gehien lortu duen gaiari dagokionez, pertsonen % 98k uste du ingurumena oso edo nahiko garrantzitsua dela bizi-kalitatearentzat; iritzi hori ez da ia aldatu 2021ean egindako azken neurketatik. Euskal herritarren % 95ek uste du nahitaezkoa dela kontsumo-maila murriztea ingurumena hondatu ez dadin”, azaldu zuten Eusko Jaurlaritzatik aurkezpenean.
“Azterlan horretatik ondorioztatu daiteke kontzientziazio handiago dagoela kontsumo-ohiturek ingurumenean sortzen dituzten ondorio negatiboei buruz. Horrez gain, % 85ek uste dute produktu batzuk denbora gutxian berez apurtzeko egiten direla, berriak erosi ditzagun; halaber, % 83k uste du ingurumena errespetatzen duten produktuak garestiagoak direla. Aitzitik, deigarria da inkesta egin duten herritarren ia erdiak (% 48k) adierazi duela oso edo 2 nahiko ados dagoela herritarrek ingurumenaren alde gutxi egitearekin, enpresak eta gobernuak arduratu behar direla baiteritzote”, azpimarratu zuten.
Ildo beretik, Eusko Jaurlaritzaren txostenean adierazi zutenez, pixkanaka, areagotu egin da ingurumenerako hobeak diren produktuengatik zertxobait gehiago ordaintzeko prest dauden pertsonen kopurua; izan ere, inkesta egin zuten hamar pertsonatik zazpik adierazi zuten hala egingo luketela eta 2020an, aldiz, hamarretik seik. Zehazki, % 14k adierazi du askoz gehiago ordaintzeko prest dagoela eta % 12k soilik esan du ez lukeela gehiago ordainduko arrazoi horregatik (portzentaje hori % 6 murriztu da 2020. urtetik). Produktuen prezioari eta balio-bizitzari edo iraunkortasunari dagokienez, 2020tik igo egin da prezioaren aurretik produktuen iraunkortasuna lehenesten duten pertsonen portzentajea; izan ere, pertsonen % 67k (lehen % 50ek) adierazi zuen garestiagoak diren produktuak erosten dituela denbora gehiago irauten dutelako. % 14k soilik esan zuen produktu merkeagoak erosten dituela, denbora gutxiago irauten badute ere.