Arabako gazteak indarkeria matxistaren aurka sentsibilizatu nahi dituen Hitz kolpez programaren bederatzigarren edizioa 21 ikastetxetako 1100 ikasle ingururi iritsiko zaie 2023an, Gasteizen, Agurainen eta Amurrion emango diren 57 emanaldietan.

Aurten ere, Gazteriaren Foru Erakundearen eta Vital Fundazioaren arteko lankidetzari esker atera da programa, aipatutako udalek ere lagundu dutelarik. Traspasos Kultur antzerki konpainia eszenaratzeaz arduratuko da eta Sortzen genero aholkularitza dinamizatzeaz.

Horregatik aurkeztu dute gaur prentsaurreko batean Ana del Val Gazteriaren Foru Erakundearen arduraduna den Kultura eta Kirol Saileko diputatuak eta Mikel Gómez de Segura Traspasos konpainiako arduradunak.

Aurten, berriz ere, arreta gazteengan jartzeaz gain, gurasoen kolektiboan ere jarri nahi da, berdintasunezko hezkuntzarako osa dezaketen ereduari garrantzia emanez, bai eta guraso gisa feminismoaren aldeko borrokan bete dezaketen eginkizunari ere. Horrengatik, gazteentzako saioez gainera, gurasoentzako bakarrik emanaldi batzuk emango ditugu; hain zuzen ere, 57 emanaldietatik 12.

Programa

2023an, Hitz kolpez programaren bederatzigarren edizioa egingo da; probintziako bigarren hezkuntzako 15-16 bat ikastetxetako 1000 gaztek batez beste parte hartu dute urteko. Aurten, 21 ikastetxetako 1100 ikaslek parte hartuko dutela aurreikusten da.

2015ean, lehenengo edizioan, esku hartze bat egin zen ikastetxeetan eta leku publikoetan, indarkeria matxistaren, eskola jazarpenaren eta cyberbullingaren aurka sentsibilizatzeko. 2016., 2017. eta 2018. urteetan, proiektua ikastetxeetara soilik bideratu zen, eta, ondoren, eztabaida bat egin zen ikasleekin, eta indarkeria desberdinei aurre egiten laguntzeko materialak eman zitzaizkien irakasleei.

2019ko edizioan, beste era batean eman nahi zitzaion amaiera proiektuaren 5 urteko lehen zikloari eta, horretarako, antzerkia sartu zen eta batez ere bikote harremanen barruko indarkeria matxista hartu zen ardatz, eta ikasleak antzokira eraman ziren. Eredu horri 2020an eutsi zitzaion, eta 2021ean sartu ziren helduentzako emanaldiak. Edizio honetan ere eredu horri eutsi zaio.

Dinamika bera izango da: ordu eta erdi, lehen zatian agertokia izango delarik nagusi eta bigarrenean dinamizazioa eta hausnarketa.

Gazteentzako 45 emanaldien banaketa

  • 30 emanaldi Gasteizen, azaroaren 13tik 24ra, Ibaiondoko Felix Petite Antzokian.
  • 6 emanaldi Agurainen, azaroaren 9 eta 10ean.
  • 9 emanaldi Amurrion, azaroaren 28tik abenduaren 1era.

Helduentzako 12 emanaldien banaketa eta ordutegiak:

  • Gasteizen, azaroaren 16an, 17an, 23an eta 24an, bi ordutegitan: 18:00 eta 19:30. Ibaiondoko Felix Petite antzokian.
  • Agurainen, azaroaren 9an, 18:00etan eta 19:30ean. Harresi aretoan.
  • Amurrion, azaroaren 29an, 18:00etan eta 19:30ean. Amurrio Antzokian.

Gasteiztik, Aguraindik eta Amurriotik kanpoko ikastetxeen joan-etorria GFEren kontura izango da.