Unibertsitateen G-9 Taldea baterako prestakuntza birtualean aurrera doa, hezkuntza bikaintasuna lortzeko. Horrela, Irakasleen Batzorde Sektorialak Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako bileran, Zaragozako Unibertsitateko errektore José Antonio Mayoral buru zela, online prestakuntza plan berritzaile bat abiaraztea erabaki du, irakasle hasiberrientzat bereziki sortua.
David Benito katedradunak zuzendutako G-9ko Campus Digital Partekatuaren bidez, irakasleen egungo prestakuntza planak aberastuko eta osatuko dituen eskaintza komuna partekatuko da, eta arreta berezia jarriko da laguntzaile doktore berrientzat erabilgarrienak diren ikastaroetan, USLOren (Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa) 78. artikuluan eskatutakoa betez. Plan berria 2024-25 ikasturtean jarriko da abian, eta irakasle berrien atalean 600 irakasle onuradun baino gehiago izan daitezke.
José Antonio Mayoral batzordeburuaren iritziz, “planaren helburua da irakasle hasiberrien trebetasunak sustatzea eta G-9 Taldeko unibertsitateen arteko zubiak indartzea. Lankidetza berri horrek hezkuntza ekosistema indartuko du, gure unibertsitateen teknologia eta baliabide partekatuak baliatuz goi mailako hezkuntzaren kalitatea hobetzeko. Proiektuak G-9k berrikuntzarekin eta etengabeko prestakuntzarekin duen konpromisoa islatzen du, irakasleek hezkuntza eguneratua eta abangoardiakoa eskaintzeko beharrezko tresna eta baliabide guztiak izango dituztela bermatuz”.
Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoa
Bileran, Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak (USLO) G-9ko unibertsitateetako irakasleengan dituen inplikazioak aztertu dira. USLOk irakasle ordezkoen figura aplikatzean sortzen dituen zalantzak adierazi ditu G-9 Taldeak eta autonomia erkidegoetako eta Estatuko Administrazio Orokorreko enplegatu publikoen bateragarritasun arazoak ere bai.
Unibertsitateetako plantillei USLO aplikatzeak eragindako kostuen gaineko kezkak bere horretan dirau. Defizit hori behar bezala finantzatzen ez bada, jasangarritasun arazoak sortuko ditu unibertsitate sistema publikoan, ohartarazi du G-9k.
Unibertsitateen G-9 Taldea
Unibertsitateen G-9 Taldea 1997an sortu zen, eta talde horretako unibertsitateak beren autonomia erkidegoetako unibertsitate publiko bakarrak dira: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Universitat de les Illes Balears, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea, baita Murtziako Unibertsitatea eta Burgosko Unibertsitatea ere, erakunde laguntzaile gisa.