Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendariak, Estatu mailako Genero indarkeriaren aurkako psikologia XIV. Jardunaldiak inauguratu ditu aste honetan Bilbon. Psikologiako Kontseilu Nagusiak Bizkaiko Psikologia Elkargoak eantolatu dituzte jardunaldi horiek, eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak babesa ematen die Emakunderen bitartez.

Jardunaldi horietan, sexu-indarkeria da gai nagusia, antolatu diren hitzaldi, mahai-inguru eta tailerretan. Horietan, egiturazko kausak, adierazteko moduak, tratamendu- eta laguntza-jarduerak eta sexu-indarkerian esku hartzeko erronkak aztertzen ari dira. Horregatik, zuzendariak nabarmendu du profesionalek garrantzi handia dutela sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko "ezinbesteko eragile" gisa.

Elgarrestak azpimarratu du ezin dela sexu-indarkeriaz pentsatu fenomeno isolatu bat balitz bezala. "Sexu-indarkeria jasan duena psikologikoki tratatzeko edo indarkeria matxistako gertakariak prebenitzeko, bizi garen testuingurua eta gizartea kontuan hartu behar dira".

Emakundeko zuzendariak salatu du sexu-indarkeria naturalizatzen eta erotizatzen ari dela gure gizartean, "batzuetan ikusezin bihurtuz". Hori dela eta, biktima bati trauma gainditzen laguntzean "askotan biktimari sinesten ez dion gizarte batean bizi garela kontuan hartuta egin behar da". Ildo horretan, nabarmendu du psikologiako profesionalek zeregin garrantzitsua dutela indarkeria matxista mota desberdinak lantzeko eta identifikatzeko.

"Emakumeak birbiktimizatzen dituzten portaerak edo esku hartzeko oztopoak diren aurreiritziak eta estereotipoak detektatzeko duzuen gaitasuna funtsezkoa da horiek konpontzeko", baloratu du bertaratutako publikoaren aurrean.

Azpimarratu du beharrezkoa dela genero-ikuspegia eta ikuspegi feminista txertatuko dituen prestakuntza egokia, esku-hartze profesionalen kalitatea hobetzeko.

Elgarrestak jardunaldi hauen programa osoa goraipatu du, osasun mentalean eta sexu-indarkeria kasuetan genero-estereotipoekin nola amaitu hausnartzeko aukera gisa.