Eusko Jaurlaritzak alkohol eta droga-kontrolak indartuko ditu udan
Positibo ematea arau-hauste oso larria da, eta 500 eurotik 1.000 eurora arteko isuna eta 6 puntu ere kentzea ekar dezake
Uda iristear dagoenean, Ertzaintzak, udaltzaingoekin elkarlanean, gidarien prebentziozko alkohol eta droga kontrolak indartuko ditu. Kontrol horiek, zehazki, ekainaren 29tik uztailaren 2ra bitartean, abuztuko asteburu guztietan, abuztuaren 14tik 18ra bitartean eta abuztuaren 24an eta 25ean egingo dituzte.
Bide Segurtasunari buruzko Legeak eta Zirkulazio Araudi Orokorrak jasotzen dutenez, agintaritzak edo agintaritzako agenteek prebentziozko alkoholemia-kontrol bat egitea eskatzen badiote gidari bati, gidari horrek nahitaez egin beharko du kontrola. Gidariak proba egiteari uko egiten badio, bide-segurtasunaren aurkako delitua egotzi ahal izango zaio eta 1.000 euroko isuna jarri ahal izango zaio.
Sonia Díaz de Corcuera, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren arabera: “Alkoholaren eta drogen kontsumoa da hildakoak eta zauritu larriak eragiten dituzten istripuetan errepikatzen den faktoreetako bat, abiadura desegokiarekin eta arreta-galtzeekin batera. Horregatik, funtsezkoa da, ibilgailu bat gidatu behar dugunean era horretako portaerei aurrea hartzea”.
Alkoholemia-kontrola
Alkoholemia-kontrolean airea botatzea eskatzen duten bi proba egiten dira, eta proba batetik bestera gutxienez 10 minutu utzi behar dira.
Errore-tarteak aplikatu ondoren:
Botatako airean 0,25 miligramo alkohol baino gutxiago agertzen bada (0,15 miligramo gidari profesionalentzat eta gidabaimenarekin 2 urte baino gutxiagoko antzinatasuna dutenentzat), gidariak bere bidean jarraitu ahal izango du.
Botatako airean 0,25 (edo 0,15) miligramo alkohol baino gehiago eta 0,60 baino gutxiago agertzen bada, gidariak arau-hauste administratiboa egingo du. 0,60 baino gehiago agertzen bada, berriz, bide-segurtasunaren aurkako delitutzat joko da.
Agenteek alkohola edan izanaren zantzu nabariak antzematen badituzte, eta gidatzeko garaian eragina badute, gidariari bide-segurtasunaren aurkako delitua egoitziko zaio, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik.
Probaren emaitza positiboa bada, berriro egin ahal izango da proba –interesdunak eskatuta edo epaileak aginduta–, emaitzak alderatze aldera. Bigarren proba hori ahal dela osasun-langileek egingo dute odol-analisiaren bidez (behar bezala justifikatutako salbuespenezko kasuetan izan ezik).
Probari uko egiten bazaio edo proba positiboa bada, ibilgailua ibilgetuko da, salbu eta beste pertsona batek gida badezake, betiere beste pertsona horri proba egin eta negatibo eman ondoren.
Proban emaitza positiboa emanez gero, arau-hauste administratibo oso larritzat joko da, eta 500 euroko zehapena ezarriko da eta gidabaimeneko 4 puntu kenduko dira emaitza 0,50 mg/l-koa edo txikiagoa bada, eta 0,50 mg/l-koa baino handiagoa eta 0,60 mg/l-koa edo txikiagoa bada, 1.000 euroko zehapena jarriko da eta 6 puntu kenduko dira.
Temas
Más en Actualidad
-
Un numeroso dispositivo de bomberos trabaja en evitar que se propague un incendio en un polígono en Vinaròs
-
Las familias de los rehenes israelíes establecen un "campamento de protesta" con alambre de espino en Tel Aviv
-
El PSOE pide un "mapeo" de recursos del sistema de protección a la infancia para mejorar la acogida de menores migrantes
-
María, la asistente virtual de la DGT que resuelve dudas y trámites con IA