Zer da gorroto-delitua? Herritarrek jakingo al lukete noiz dauden horrelako delituen aurrean? Iraina ote da gorroto-delitua? Eta Etorkinentzako mehatxua ote da? Gorroto-delituak hauteman ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak dekalogo txiki bat dauka herritarren eskura, guztien artean delitu-mota horiek errazago hauteman daitezen, eta salatu daitezen, gorrotoagatiko indarkeria errotik kentzeko.
Hala, sail horretatik nabarmentzen dutenez, delitu-mota horren ezaugarri nagusia egilearen motibazioa da, hots, desberdintzat jotzen dituenekiko gaitzespena edo etsaitasuna. Biktimak gehiago hautatzen dira ordezkatzen dutenagatik direnagatik baino. "Egileak biktima aukeratzen du egileak ukatzen duen talde, herri edo komunitate batekin identifikatzen duen ezaugarriren batengatik; intolerantzia-, etsaitasun- edo diskriminazio- jokabideak erakusten ditu, estereotipoetan eta aurreiritzietan oinarrituta, uste duelako biktimak gainerakoek baino eskubide gutxiago dituela". Delitu-mota horretan, biktimari eskubideak ukatzen zaizkio, hauengatik: etnia, jatorria, erlijioa, hizkuntza, sexua edo generoa, orientazio sexuala, adina edo ideologia, besteak beste.
Diskurtso, adierazpen, ideien adierazpen edo adierazpen-mota oro, zuzenean edo zeharka piztu, zabaldu, sustatu edo justifikatzen denean gorrotoa edo bortizkeria talde batzuen aurka, arraza, jatorri, orientazio sexual edo genero nortasun, ezgaitasun edo antzeko beste edozein ezaugarrirengatik, horixe bera da gorroto-diskurtsoa; "bertan sortzen den testuingurua oso garrantzitsua da, bai eraginkortasunagatik, bai pertsona askorengan eragina duelako, ez bakarrik diskurtsoaren ezaugarriengatik eta edukiengatik", esan eta ondorioztatu dute: "Gorroto-diskurtsoaren delituan, sare sozialek garrantzi berezia hartzen dute, bertan zabaltzen diren mezuak azkar eta luze eta zabal hedatzen direlako. Erabilitako baliabideen edizioan, hedapenean eta jabetzan parte har dezaketen pertsona fisiko edo juridikoei dagokien erantzukizuna ere kontuan hartu behar da".