Lehen zenbaki baskonikoa izan daiteken inskripzio bat aurkitu dute Irulegin zeramikazko ontzi batean
Idazkera baskonikoa duen 'abar' inskripzio berria aurkitu dute Irulegin (Nafarroa) induskatutako zeramika batean. Inskripzioak ontziaren edukierari erreferentzia egingo balio, "ebidentzia berri bat litzateke baskoieraren, iberieraren eta euskararen arteko harremana argitzen laguntzeko".
Aurkikuntzaren berri emateko prentsaurrekoa egin dute Mattin Aiestaran Irulegiko aztarnategiko zuzendariak, Javier Velaza Bartzelonako Unibertsitateko katedradunak, Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Manolo Romero Aranguren Ibarreko alkateak.
Irulegi Sertoriar gerrateetan erasotua eta suntsitua izan zen herrixka baskoi bat da, eta, 2017tik, Aranguren Ibarreko Udalaren ekimenez ikerketa arkeologikoa egiten ari da bertan, Nafarroako Gobernuko Kultura Sailaren laguntzarekin eta Aranzadi Zientzia Elkartearen gidaritzapean, hainbat unibertsitaterekin lankidetzan eta Mattin Aiestaran arkeologoaren zuzendaritzapean.
Orain arte, gutxi gora behera 75 metro koadroko azalera duten hiru etxebizitza induskatu dira, eta horietan material arkeologiko ugari berreskuratu, hala nola armak, zeramikazko ontziak, txanponak, faunaren hezurrak edo eskuerrotak.
Material horien artean, inskripzio edo idazkun bana duten zeramikazko bi zati daude: bat Irulegiko Eskua aurkitu zuten etxe berean topatua izan da, eta bestea etxebizitza horren kanpoaldean. Lehenengoa bi zatitan banatuta agertu zen, eta seguru asko tokian bertan edo inguruan egindako biltegi ontzi baten ertzari dagokio. Testua idazkera paleohispanikoan idatzia dago, seguruenik baskonikoa, eta 'a[ba]r' edo 'abar' jartzen du.
Testua ontziaren edukierarekin lotuta egon daiteke. Interpretazio hori zuzena bada, inskripzioa zenbaki baskoniko baten lehen testigantza izango litzateke, eta honen irudiak bat egingo luke duela gutxi egindako ikerketek 10 zenbakiari iberieraz eman diotenarekin, zeinak euskarazko (h)amar (10) zenbakiarekin bat egiten duen.
Dokumentua, beraz, "oso garrantzitsua" izango litzateke baskoieraren eta iberieraren arteko harremanak ezagutzeko, baita biek euskara historikoarekin (euskararen fase zaharrak edo berreraikiak) edo egungo euskararekin dituzten harremanak ikertzeko ere.
Temas
Más en Sociedad
-
Bidea Zabaldu, una herramienta para que las instituciones locales actúen frente a la discriminación
-
Fallece Isabel Jara, delegada del Gobierno de Canarias en Venezuela, tras el derrumbe de su edificio por los terremotos
-
Un sueño de volver a Euskadi, enterrado bajo los escombros
-
Santiago Iribarren, nuevo decano-presidente del Colegio Oficial de Arquitectos Vasco-Navarro