Síguenos en redes sociales:

Lan munduan euskararen erabilera indartzeko Lanera enpresa sarea aktibatu du Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzak Lanera enpresa sarea aktibatu du Arabako Parke Teknologikoan egindako topaketan, euskararen erabilera sustatzeko konpromisoa duten enpresak konektatzeko, elkarlana sustatzeko eta lan mundurako neurri praktikoak elkarrekin garatzeko helburuarekin

Lan munduan euskararen erabilera indartzeko Lanera enpresa sarea aktibatu du JaurlaritzakUtzitakoa

Eusko JaurlaritzakLanera enpresa sarea aktibatu du Arabako Parke Teknologikoan egindako topaketan, euskararen erabilera sustatzeko konpromisoa duten enpresak konektatzeko, elkarlana sustatzeko eta lan mundurako neurri praktikoak elkarrekin garatzeko helburuarekin.

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, topaketan 80 enpresa inguru bildu dira, eta jardunaldiak balio izan du esperientziak partekatzeko, aliantzak sortzeko eta euskara balio erantsi, lehiakortasun eta kohesio sozialerako elementu gisa kokatuko duen ikuspegi partekatua eraikitzen hasteko.

Ildo horretann, nabarmendu du topaketa ez dela jardunaldi soil bat izan, Lanera sarearen lehen aktibazio publikoa baizik, hau da, enpresen arteko harremanak sortzeko, beharrak identifikatzeko eta etorkizuneko lankidetza ildoak martxan jartzeko lehen espazioa.

Jardunaldiaren irekiera hitzaldian, Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazi du euskararen etorkizuna ez dela administraziotik bakarrik erabakitzen, baizik eta "eguneroko jardunean, aisian, kirolean, etxean eta lanean". "Horregatik, enpresen konpromisoa euskararen etorkizunaren alde ezinbestekoa da. Gaurko jardunaldia ez da ekitaldi soil bat: elkarlanean aritzeko konpromisoa hartzeko gune baten sorrera da", ziurtatu du.

Era berean, sailburuordeak azpimarratu duenez, "sare honekin, gaur, pauso bat harago eman nahi dugu. Jauzi bat egiteko lankidetza abiatu dugu: ekimen edo tokiko proiektuetatik enpresa komunitate batera igaro nahi dugu".

Azken hilabeteotan, Lanera egitasmoak entzute eta diagnosi fasea garatu du: 21 eskualde, hiru hiriburu eta 300 ordezkari baino gehiagoren ekarpenak jaso dira, 600 esperientzia baino gehiago identifikatu eta mapatu dira, eta diagnosi partekatua osatu da

Bere agerraldia bukatzeko, Aldasorok mezu nagusi bat plazaratu nahi izan du: "Euskararen jauzia ez da administraziotik bakarrik etorriko. Elkarrekin egingo dugu, enpresekin eta gizarte osoarekin batera. Eta horretarako 'Jauzia Gara' markoa dugu martxan".

Aldasororekin batera, erakunde eta enpresa ordezkariek ere hartu dute hitza jardunaldian: Jose Luis Azkue Industria Garapen eta Administrazioaren zuzendariak eta Galder Lasuen Euskaliteko proiektu arduradunak, alde batetik, eta, enpresa esperientziak partekatzeko, Iraitz Perez de Goldarazena (Oreka IT), Galder Uriarte (Patxi Koop) eta Ane Bergaretxe (AMPO) bestetik.

Saioaren dinamizazioa Sonia Rodriguez Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak egin du, eta parte hartzaileen arteko elkarrizketa eta esperientzien trukea sustatu ditu.

JAUZIA EREMU SOZIOEKONOMIKOAN

Lanera egitasmoak "aipamen berezia" du Euskararen Plan Estrategikoaren barruan. Planak datozen urteetarako hizkuntza politikaren norabidea zehazten duen lau ardatz nagusietan banatuta: ezagutza, erabilera, prestigioa eta datuak. Hala, Lanera ezagutzaren eta erabileraren ardatzetan kokatzen da eta euskara eremu guztietara eramateko eta, bereziki, lan esparrura eramateko beharrari erantzuteko sortu da. Zentzu honetan, helburu argia du, euskararen erabileran jauzi kualitatiboa ematea eremu sozioekonomikoan, alegia.

Horretarako, hiru oinarri nagusi ditu Lanera sareak eta hirurei erantzuna eman nahi die: euskara lan munduan txertatzea, lankidetza sareak indartzea eta lidergo instituzional partekatua aktibatzea.

Horrela, azken hilabeteotan, Lanera egitasmoak entzute eta diagnosi fasea garatu du: 21 eskualde, hiru hiriburu eta 300 ordezkari baino gehiagoren ekarpenak jaso dira, 600 esperientzia baino gehiago identifikatu eta mapatu dira, eta diagnosi partekatua osatu da.

Orain, aldiz, egitasmoa fase berri batean sartu da, diagnostikotik aktibaziora igaroz, eta helburua da enpresak saretu, baliabideak partekatu eta euskararen erabilera sustatzeko komunitate egonkor bat eratzea.

Aurrera begira, Jaurlaritzak konpromiso batzuk berretsi ditu Lanera egitasmoaren barruan: enpresa sare iraunkorra aktibatzea eta sendotzea, enpresentzat tresnak, baliabideak eta laguntzak eskaintzea, eskualde bakoitzean laguntza eragileen sarea antolatzea, eta sektore eta errealitate bakoitzera egokitutako aurrerapen planak garatzea.