Basque Culinary World Prize gastronomiaren bidez mundua eraldatzeko dutenei zuzendutako sariaren 11. ediziorako izendapenak egiteko epea ireki dute uztailaren 15era arte. "Gastronomiaren indarra, irismena eta gizartean eragiteko duen gaitasuna indartzea eta goraipatzea" du helburu ekimenak.

Basque Culinary Centerrek eta Eusko Jaurlaritzak sortutako aintzatespena "mundu mailan gastronomiak fenomeno biderkatzaile eta inspiratzailea dela erakutsi duen sektore baten barruko bereizgarri" gisa finkatu da hamaikagarren edizioan, bere sustatzaileek jakinarazi dutenez.

Gogorarazi dutenez, hamarkada batean zehar, "talentuz, ezagutzaz eta sormenez betetako chefen lana" ospatu dute, "eragin positiboak sortzen dituztenak hainbat arlotan, hala nola zientzian, osasunean, berrikuntzan, nutrizioan, hezkuntzan, garapen sozialean, ekonomikoan eta ingurumenekoan".

Joan den urteko edizioan, Leticia Landak La Cocina proiektuaren bidez egindako lana saritu zuten. Egitasmo horrek 20 urte ditu eta San Frantziskoko (AEB) sukaldaritza sektorean formalki integratu nahi duten eta bazterketa egoeran dauden talentudun pertsonei prestakuntza, inkubazio eta laguntza emateko aukerak sortzea du helburu.

Mundu osoko sukaldari ospetsuenetako batzuek, akademikoek eta nazioarteko adituek osatutako diziplinarteko epaimahai batek hautatuko du irabazlea. Urtero chef bat aukeratzen dute, bere lanak "gizartea eraldatzen" badu gastronomiaren bidez. Irabazleak 100.000 euro jasotzen ditu, eta "gastronomiaren botere biderkatzailea adierazten duen" ekimen batera bideratzen ditu.

Bada, profesional eta erakunde gastronomikoek uztailaren 15era arte dute epea izendapenak Basque Culinary World Prize webgunearen bidez egiteko. Izendapenetarako epea itxi ondoren, Basque Culinary World Prize elkarteko idazkaritzak aztertuko ditu hautagaiak.

Irabazlea azaroan Brasilen egingo den epaimahaiaren bileran aukeratuko da, eta publikoari irekitako ekitaldi batean iragarriko. Joan Roca buru duen diziplina arteko epaimahaiak egingo du hautaketa; munduko chef garrantzitsuenetariko batzuek osatuko dute, besteak beste, Michel Bras, Manu Buffara, Dominique Crenn, Josh Niland, Narda Lepes, Trine Hnhnemnglas eta Elena Reygadasek