Euskadin ikerketa lanak egiten dituzten hiru emakume aintzatesteko ekitaldia egin da asteazken honetan Donostiako Miramar jauregian, Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu eta Ikerbasqueko lehendakaria buru zela. Hain zuzen ere, Elena Palomo, Maria Muñoz eta Danila Merino ikertzaileek aitorpena jaso dute orain arte egindako ikerketa ibilbideengatik.
Ekitaldian, Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko Zientzia Politikarako zuzendari Amaia Esquisabelek eta Ikerbasqueko zuzendari zientifiko Fernando Cossiok ere parte hartu dute. Era berean, Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren ordezkariek eta aitortutako zientzialariek lan egiten duten ikerketa zentroetako arduradunek ere parte hartu dute, besteak beste.
Ikerbasquek jakinarazi duenez, Euskadiko emakume ikertzaileak eta egiten duten lana ikusaraztea da aitorpenaren helburua, emakume ikertzaileen belaunaldi berrien eredu eta inspirazio izan daitezen. Hartara, ibilbide zientifiko osoa, ikerketa esparru bateko lidergoa eta ikertzaile gazte batek egindako ekarpen nabarmena aitortu dira.
Ikerbasquek ekoizpen zientifikoko datuen azterketa bibliometrikoa egin du hiru emakume ikertzaileen hautaketan, Euskadiko ikertzaileen azken ekarpen nabarmenak gogoan hartuz. Ebaluazio Batzordeak aipatutako hiru mailetan hautatutako 21 emakume ikertzaileren zerrenda hartu du oinarritzat eztabaidarako, eta hiru kategorietako emakume ikertzaileen maila zientifiko handia nabarmendu du, "Euskadin emakume ikertzaileek egindako zientziaren potentzial handiaren isla".
Horrela, 2026ko edizioan, 'Erreferenteen erreferentea' ikerketa ibilbide oso bati egindako aitortza Elena Palomo Ikerbasque Research Professor ikertzaile eta CIC energiGUNEko Energia Termikoa Biltegiratze eta Bihurketa arloko zuzendari zientifikoak jaso du.
'Lidergo zientifikoa' ikerketa esparruan liderra den ikertzaileari egiten zaion aintzatespena, aldiz, Maria Muñoz Caffarel Biogipuzkoako Ikerbasque Research Associate ikertzaile eta Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuko bularreko minbiziaren taldeko buruarentzat izan da.
Azkenik, 'Gorabidean dagoen talentua' ikertzaile gazte baten ekarpen nabarmenari egindako aitortza Danila Merino EHUko-Polymateko Ikerbasque Fellow ikertzaileak eskuratu du.