Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketak bigarren faseari ekingo dio datorren asteburuan, Zaldibian eta Azpeitian, eta sarrerak salgai daude jada bertsosarrerak.eus webgunean, Bertsozale Elkartetik jakinarazi dutenez.

Eskualde bakoitzak ordezkari bana izango du txapelketaren final laurdenetan: Tolosaldean Alegiako Boskatu, Goierrin Zumarraga Urretxu 1, Urolan Azpeitiako Zaharrak Berri, Urola Kostan Zarauzko Allepunta, Buruntzaldean Hernani, Donostia-Oarso-Bidasoan Irungo Txingudi A, Debagoienan Leintz eta Debabarrenan Xarmaginak.

Horrela, bigarren fasea Zaldibiako kultur etxean hasiko da ostiralean, apirilaren 17an, 19:00etan, Boskatu eta Zumarraga Urretxu 1 taldeen arteko kanporaketarekin; larunbatean, apirilaren 18an, Zaharrak Berri eta Allepuntak kantatuko dute Azpeitian.

Bigarren asteburuko saioak apirilaren 24an eta 25ean izango dira Hernani eta Soraluzen, hurrenez hurren: lehenengoan Hernani eta Txingudi A arituko dira, eta bigarrenean Leintz eta Xarmaginak. Final aurrekoak maiatzaren 9an eta maiatzaren 16an izango dira, eta Aiako finala maiatzaren 30ean. Sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus webgunean.

BESTE GAI BATZUK

Euskaltzaindiak antzerki gaualdi bat antolatu du Baionan ostiralerako, apirilaren 17rako, Herriko Etxearekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin batera, eta bi ikuskizun izango dira Biltxoko espazioan. Sarrera doakoa izango da, aretoa bete arte.

Akademiako iturriek jakinarazi dutenez, ekitaldia 19:00etan hasiko da, eta bi antzezlan emango dira. Alde batetik, Gehibat konpainiak Xabin Fernandezek idatzitako 'Zaku berekoak' taularatuko du, idazlea bera aktore dela.

Era berean, Pantzo Hirigaraik, Mizel Sarratiak, Beñat Bidegainek, Peio Larrek, Armand Jaunarenak eta Anje Duhaldek 'Hautagaia' (Pantzo Hirigarairen testua) aurkeztuko dute.