Síguenos en redes sociales:

Saioa Alkaizak irabazi du Igartza Saria 'Katu ileak txandaletan' eleberri proiektuarekin

Guztira 16 proiektu aurkeztu dira

Saioa Alkaizak irabazi du Igartza Saria 'Katu ileak txandaletan' eleberri proiektuarekinUtzitakoa

Saioa Alkaiza Guallar iruindarra da Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak idazle gazteei laguntzeko antolatzen duten Igartza Sariaren aurtengo irabazlea, 'Katu ileak txandaletan' izeneko nobela proiektuari esker.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bekak 28 urte bete ditu aurten, guztira 16 proiektu aurkeztu dira, eta Olatz Mitxelena, Esti Martinez eta Garazi Kamio epaimahaikideek erabaki dute Alkaizaren proiektua dela hoberena. Sariak 10.000 euroko laguntza eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza.

Dramazkoa dirudien fondo horretan, ordea, ez da topatuko errukirik edo autosuperaziozko diskurtsorik, eta bai aldiz ironia eta umorea

Saioa Alkaiza Guallar 1991n jaio zen, Iruñean. Kazetaritzan ere ibilia den arren, bertsolari gisa nabarmendu da batez ere, eta literaturaren arloko hainbat sari ere irabazi ditu, bakarkako libururik orain arte egin ez badu ere.

Katu ileak txandaletan eleberri proiektuak pobreziak eta biolentziak markatutako familia bateko alaba du protagonistatzat, Nahia, helduarora iritsita bizitza "normal" bat eduki nahi duena.

Hainbat zalantza existentzial bizi ditu Nahiak: alkoholikoa izan eta gero minbizia duen aitarekin ze harreman eduki; beste batekin joan den bikotekideak utzi dion traizio sentsazioa nola kudeatu; amatasunerako azken aukeren aurrean zer egin, lan egonkorrik ez edukitzea.

Dramazkoa dirudien fondo horretan, ordea, ez da topatuko errukirik edo autosuperaziozko diskurtsorik, eta bai aldiz ironia eta umorea.

BESTE GAI BATZUK

Bestalde, Euskotren sozietate publikoaren Burdinbidearen Euskal Museoak lurrunezko hiru tren jarriko ditu martxan asteburuan Azpeitiko (Gipuzkoa) instalazioetatik Lasaora. Trenak 12:00etan eta 17:30ean abiatuko dira larunbatean, irailaren 13an, eta 12:00etan igandean, hilaren 14an.

Euskotrenek jakinarazi duenez, Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren bildumarik onenetakoa du ikusgai bere instalazioetan, era guztietako ibilgailuekin: lurrunezko lokomotorrak, dieselak eta elektrikoak, automotorrak eta bagoi mota ezberdinak.

Era berean, Euskadiko makina-erreminta multzorik osatuenetakoa eskaintzen du Urolako Trenbidearen tailer mekaniko zaharraren bidez, eta XIX. mendearen amaieratik trenbidean erabilitako uniformeen eta munduko tren erlojuen bildumarik onenetako baten laginak ditu.

Burdinbidearen Euskal Museoaren irekiera ordutegia 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era da asteartetik ostiralera, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era larunbatetan, eta 10:30etik 14:00etara igande eta jaiegunetan (astelehenak izan ezik).