Bizkaiko Foru Aldundiak 440.000 euro bideratuko ditu aurten lurraldeko saltoki txikien lehiakortasuna sustatzen duten proiektuak garatzera, Cecobi, Bizkaidendak eta bilbaoDendak merkataritza elkarteekin lankidetzan.

Elkarteokin egingo diren hitzarmenei esker, lurraldeko ahalik eta saltoki gehienetara iritsi nahi du foru erakundeak, hurbileko merkataritza dinamizatzeko estrategiarekin bat datozen jarduketen bidez. Estrategia hori eredu profesionalizatuago, berritzaileago, digitalago eta jasangarriago baten aldeko apustua da, genero ikuspegia barne hartuta, Leixuri Arrizabalaga foru erakundeko bozeramaileak azaldu duenez.

Horrela, bilbaoDendak plataformak asmo handiko prestakuntza programa bat abiarazi du aurten negozio ereduen berrikuntzaren erabileran oinarrituta, eta, bide horretan, marka eta posizionamenduari, bezeroen fidelizazioari, balio erantsia duten produktuei eta merkataritza eralda dezaketen adimen artifizialeko tresnei buruzko eduki praktikoak eskainiko ditu.

Bestalde, sektoreko 43 elkarte biltzen dituen Bizkaidendak federazioak digitalizaziora, merkataritza kudeaketara eta sektoreko legedi espezifikora bideratuko du aurten bere prestakuntza plana.

Elementu berritzaile gisa, neurrira egindako mentoretza programa bat abiatuko du, eta saltokietan bertan tutoretzapeko prestakuntza eskaini ahal izateko. Saltoki bakoitzaren benetako beharretara egokituko dira saio praktikoak: zalantzak argitu, tresna berriak aplikatu edo ataza aurreratuetan lagundu. Planak 600 pertsona baino gehiagorengana heldu eta emakumeen parte hartzea sustatu nahi du.

Era berean, Cecobik 'Merkataritza Irekia Bizkaian' programarekin jarraituko du, eta horrela, tailerrak, hitzaldiak eta aholkularitza pertsonalizatua emango ditu transformazio digitalari, adimen artifizialari, berrikuntzari, merkataritza desberdintzeari eta komunikazioari buruz.

Berrikuntza gisa, ekimen pilotu berritzaile bat txertatuko du aurten, sektoreari transformaziorako benetan irtenbideak emateko, eta protagonistekin zuzenean egingo du lan. Gainera, Bizkaiko Merkataritzaren Behatokia garatzen jarraituko du, eta, aurten, merkataritza buru gisa jarduten duten udalerrien informazio ekonomikoa eguneratuko du, sektorearen diagnostiko zehatza lortzeko asmoz.