Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak 2024-2025 ikasturteko Jakin-Mina ziurtagiriak banatu dizkie astelehen honetan prestakuntza programan parte hartu duten lurraldeko 14 ikastetxetako DBHko 4. mailako 90 ikasleri.

Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiak bultzatutako ekimenak erreferentziazko adituek emandako hitzaldi ziklo bat eskaini du Bizkaian EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedraren laguntzarekin, gazteen artean bikaintasun akademikoa sustatzea helburu.

Etxanobek Jakeline Barker Jakiundeko idazkaria eta Guillermo Zuaznabar Bilboko Arte Eder Museoko kidea izan ditu lagun, eta bere hitzalduan ikasleak zoriondu ditu beren konpromisoagatik eta dedikazioagatik.

"Aukera bikaina aprobetxatu duzue. Arlo berrietara zabaldu duzue begirada, adituen eta egiten dutenaren zale amorratuen eskutik. Eta horrek asko esaten du zuetaz. Ezagutza gazteen artean zabaltzea funtsezkoa da herritar kritikoak, sortzaileak eta ingurunearekin konprometituak prestatzeko. Horregatik, jakin-mina, ikasteko gogoa, ulertzeko gogoa, jakiteko gogoa inoiz ez galtzeko eskatzen dizuet", esan du.

Jakin-Mina Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko ikastetxeetako DBHko 4. mailako gazteei zuzendutako programa da, eta hainbat diziplinatako hitzaldi zikloak eskaintzen ditu adituen eskutik.

Zehazkiago, programak bederatzi ziklo ditu, Bilbon, Durangon, Donostian, Arrasaten, Gasteizen, Iruñean eta Tuteran. Bakoitzak bost hitzaldi eskaintzen ditu azarotik martxora bitartean, hilean behin.

EHUko Katedra Zientifikoak lagundu du Bizkaiko ikastetxeetako ikasleei eman zaizkien hitzaldiak antolatzen eta hizlariak aukeratzen. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez egiten dira hitzaldiak, diziplina ugari hartzen dituzte beren baitan eta ez da inolako jakintza eremurik lehenesten.