Donostia Zinemaldiak eta Loterias y Apuestas del Estado erakundeak gizarte gaiei buruzko film laburren lehiaketarako bigarren deialdia egin dute. Lan irabazleak 10.000 euroko saria jasoko du, eta bigarren sailkatuak 5.000 eurokoa. Loterias sarirako izena emateko epea ekainaren 17an amaituko da.
Donostia Zinemalditik jakinarazi dutenez, lehiaketaren helburua da ikus-entzunezko bitartekoak erabiltzea mezu positibo eta itxaropentsuak zabaltzeko, alegia, aberastasunaren birbanatzea, desparekotasunak ezabatzea eta gizarte justizia sustatuko dituzten mezuak zabaltzeko.
Deialdiaren oinarrien arabera, film laburren gaiak lotuta egongo dira adinekoen ongizatea, bakardadearen aurkako borroka eta bizi kalitatea hobetzearekin, genero indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzearekin, kalteberatasun egoeran dauden pertsonei laguntzearekin edo minbizidun pazienteei laguntzearekin.
Film laburrak sarean inskriba daitezke Donostia Zinemaldiaren web orrian. Lanon produkzioaren gutxienez %51 espainiarra izango da, eta gehienez hamar minutuko iraupena izango dute. Lanak aurkezteko euskarria bat etorriko da Donostia Zinemaldiaren eskakizun teknikoekin -lehiaketaren oinarrietan daude zehaztuta-.
Gizarte gaiei buruzko film laburren Loterias sariak erabakiko dituen epaimahaia Donostia Zinemaldiaren Zuzendaritzak eta Loterias erakundeak aukeratuko dute, eta ikus-entzunezko eta gizarte arloetako hiru ordezkarik osatuko dute. Bi lan irabazleak Donostia Zinemaldiaren 73. edizioan proiektatuko dira -2025eko irailaren 19tik 27ra egingo da-.
Iaz, Emma Suarez aktorea buru zuen epaimahaiak Mikel Gonzalez Beorleguik zuzendutako 'Antón' film laburrari eman zion lehen Loterías saria; bigarrena, berriz, Carlos Fernandez de Vigo eta Lorena Aresen 'Cafunè' lanari eman zion, gerora animazioko film labur onenaren Goya saria irabazi zuenari, alegia.