Bermeoko (Bizkaia) Arrain Azokaren 31. edizioa ospatu da maiatzaren 16tik 18ra eta, lehenengo balorazio arin baten ostean, antolatzaileek balorazio "oso ona" egin dute, giro bikaina eta parte hartze zabala nabarmenduz.

"Eguraldia lagun, giro aparta izan da hiru egunetan zehar, eta azokaren bilakaerak norabide sendoa hartu duela nabarmen geratu da", adierazi dute Bermeoko Udaletik.

Azokaren lehen eguna "gero eta indartsuagoa" dela esan dute

Azokaren lehen eguna "gero eta indartsuagoa" dela esan dute, gero eta jende gehiago batzen delako eta salmentak ere neurri handi batean egun horretan bertan egin zirelako.

Horrela, enpresa erakusleek eta parte hartzaileek azpimarratu dute "oso pozik" daudela asteburuak emandakoarekin. Hala eta guztiz ere, balorazio sakonagoa egiteko batuko dira datozen egunetan.

Arrain Azokak bere izaera zabaldu eta aberastu du azken urteotan, eta, gaur egun "azoka bat baino askoz gehiago" dela nabarmendu dute antolatzaileek: "Gastronomia gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari da, eta horrek Bermeoko nortasuna, kultura eta bizimodua erakusteko leiho bihurtu du azoka. Arrain Azokak aurrerapauso sendoak eman ditu esperientzia kolektibo eta kultural bihurtzeko bidean".

"Oso hunkigarria izan zen, eta ohore bat izan da eurekin guztiekin oholtza gainean egon ahal izatea"

Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkate eta Arrain Azoka Elkarteko presidentearentzat ostiraleko inaugurazio ekitaldiaren baitan banatutako Hegaluze Saria izan da "une hunkigarrienetako bat". Aurten, itsas sektoreko emakumeei egin zaie aitortza, eta oholtza gainean elkartu ziren sektore desberdinetako hainbat belaunalditako emakumeak.

"Oso hunkigarria izan zen, eta ohore bat izan da eurekin guztiekin oholtza gainean egon ahal izatea. Oso harro gaude, uste dugulako Bermeok zor hori zuela itsas sektoreko emakumeekin. Ikusgarria izan zen ekitaldira bertaratutako agintari eta herritar guztiak zutunik txaloka ikustea, eta ekitaldia benetan zirraragarria izan zen", adierazi du Bermeoko alkateak.

AZOKAK

Azokaren baitan antolatutako ekitaldi guztiek harrera "oso ona" izan dutela nabarmendu du, "jendetsuak" izan direla azpimarratuz: "Parte hartzea handia izan da, eta, oro har, giro ezin hobea egon da egun guztietan".

Arrain Azokan parte hartu duten pertsona, talde, enpresa, langile eta boluntario guztiei eta euren ekarpenak isilean egiten dituzten enpresa eta banakoei eskerrak eman dizkie Bermeoko alkateak. Horrez gain, herria babesteko lanetan aritu diren guztien lana ere eskertu du.

Arrain Azoka elkarteko kideak datozen egunetan bilduko dira balorazio sakonago bat egiteko eta datorren urteko edizioa hobetzeko lanean hasteko. Helburua argia da: azokaren kalitatea hobetzen jarraitzea eta esperientzia gero eta aberatsagoa eskaintzea.