Esti Markez abeslariak jarriko du martxan Lagunekin Kantari kontzertu zikloaren aurtengo edizioan, datorren maiatzaren 12an Donosatiko Intxaurrondo Kultur Etxean eskainiko duen emanaldiarekin.
Donostia Kultura udal erakundeak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, 2001ean euskarazko abestiei buruzko ikastaro bat abiatu zuen Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkartearekin batera, eta hurrengo urtean sortu zen Lagunekin Kantari zikloa.
Bada, 2025ko edizioa maiatzaren 12an hasiko da, Esti Markezek Intxaurrondo Kultur Etxean eskainiko duen kontzertuarekin. Ondoren, Patxi Saiz Larrotxenen ariko da maiatzaren 19an, eta hilaren 26an 'Etxekoekin kantari' kontzertua izango da Intxaurrondon. Zikloa bukatzeko, kantujira' bat izango da maiatzaren 30ean, 19:00etan Larrotxene plazatik abiatuta.
Bestalde, Mungiako Bildumagileen Elkarteak udalarekin elkarlanean antolatutako Bitxikiak Bildumazaleen XXI. Azoka egingo da larunbatean eta igandean, apirilaren 26an eta 27an, Bizkaiko udalerriko udal kiroldegian eta Legardako eskola eremuan.
Larunbatean goizez eta arratsaldez egongo da zabalik azoka, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era, eta igandean goizez bakarrik, 10:00etatik 14:30era, Mungiako Udaleko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.
Azkenik, azokaren aurtengo edizioan bildumagile gazteek hartuko dute protagonismoa, eta gune berezia izango dute udal kiroldegiko erakusketa eremuan; bertan, Legocity, Bluey, Moneta, Harry Potter eta abarren hainbat bilduma egongo dira ikusgai.