Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hotel establezimenduek 426.038 bidaiari sarrera eta 911.049 gaualdi izan dituzte abuztuan, hau da, 2023ko hilabete berean baino %3,6 eta %1,6 gehiago, hurrenz hurren. Sarreren %53,4 eta gaualdien %50,4 atzerritarrek egin dituzte, %6,5 eta %5,5 gehiago, hurrenez hurren, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.

Lurraldeka, Araban 63.344 sarrera eta 127.134 gaualdi erregistratu dira abuztuan, aurreko urtean baino %7,7 eta %7,4 gehiago, hurrenez hurren; Gipuzkoan, sarrerak %7,5 eta gaualdiak %4,3 gehitu dira, 173.914 sarrera eta 385.535 gaualdi izan ondoren, eta Bizkaian, aldiz, %1,1 sarrera gutxiago (188.780) eta %2,5 gaualdi gutxiago (398.380) izan dira.

Hiriburuei dagokionez, sarreren kopurua %12,9 igo da Gasteizen eta %7,4 Donostian; Bilbon %1,8 gutxitu dira sarrerak. Era berean, aurreko urteko abuztuaren aldean, gaualdiak %11,0 igo dira Gasteizen eta %8,1 Donostian; Bilbon %3,3 jaitsi dira.

EAEko hotel establezimenduetako batez besteko egonaldia 2,14 egunekoa izan da abuztuan, aurreko urteko hil berean baino txikiagoa, orduan 2,18 egunekoa izan baitzen.

Okupazio maila %78,8koa izan da abuztuan EAEko hoteletan, plazen arabera neurtuta, eta %85,8koa, gelen arabera neurtuta; 2023ko abuztuarekin alderatuta, beherakada %1,5 eta %1,6 ehuneko puntukoa izan da, hurrenez hurren.

Eguneko batez besteko tarifa (logela biko eta bainugeladun ostatu hartzeari ezarria) 143,8 eurokoa izan da abuztuan EAEn, hau da, %5,8 handiagoa aurreko urteko abuztuarekin alderatuta. Tarifa 177,0 euroan kokatu da Gipuzkoan, 127,0 euroan Bizkaian eta 97,5 euroan Araban, eta hiriburuka aldeak handiagoak izan dira, 212,9 eurora iritsi baita Donostian, 138,0 eurora Bilbon eta 88,2 eurora Gasteizen.