Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak onetsi du udal kirol instalazioetako rokodromoen eta eskalada jardueren zerbitzu integrala kudeatzeko kontratua Prisma Global Servicios y Proyectos enpresari esleitzea, 751.410 euroan (BEZa barne). Kontratua 2024ko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era arte egongo da indarrean eta beste urtebetez luzatzeko aukera egongo da.

Esleipen berriak eskalada programazioan 158 ordu ugaritzea ekarriko du, hau da, 74 ordu gehiago denboraldi bakoitzeko, Gasteizko rokodromoen erabiltzaileek egindako eskariari erantzunez. "Gainera, erabiltzaileak gero eta gehiago dira eta bi denboraldietan kontratuak bideetan ekarriko dituen aldaketen onurak ezagutu ahal izango dituzte", zehaztu du Ana Lopez de Uralde Kirol zinegotziak. Ikastaro bakoitzeko 144 ordu erabiliko dira murruetako ibilbideak aldatzeko.

Rokodromoetako 63.31 erabilera zenbatetsi ziren Ariznabarrako kiroldegiko eta Hegoalde eta Salburua gizarte etxeetako instalazioetan

2023ko denboraldian, rokodromoetako 63.31 erabilera zenbatetsi ziren Ariznabarrako kiroldegiko eta Hegoalde eta Salburua gizarte etxeetako instalazioetan; eremu horietan daude hainbat altuera, bide eta boulder dituzten eskalada murruak, eta Salburua gizarte etxean abentura parke bat ere dago altueran.

Kontratuaren xedeak dira banakako eskalada egiteko aukera ematea, rokodromoen kirol egitaraua egitea eta murruak, boulderrak eta abentura parkea mantentzea. Eremu espezifikoak eta segurtasun elementuak garbitzeko lanak ere barne hartzen ditu kontratuak, bai eta kirola egiteko, garbiketarako eta mantentze lanetako materiala erostea ere.