Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak 2024-2025 ekitaldirako Telelanaren Udal Plana onartu du, eta 90 plaza gaitu ditu. Horri esker, beste udal langile batzuek izango dute parte hartzeko aukera, hautaketa irizpide gisa lehentasuna izango dutelako aurreko planetan parte hartu ez zutenek.

"Telelanaren Plan berriak berekin dakar informazioaren teknologia berrien erabilera sustatzea"

Jon Armentia Funtzio Publikoaren zinegotziak nabarmendu duenez, "Telelanaren Plan berriak berekin dakar informazioaren teknologia berrien erabilera sustatzea eta administrazio digitala garatzea, eta horrek abantailak dakartza bai udal langileentzat, bai udalak eskaintzen duen zerbitzuarentzat".

Astean gehienez hiru egunetan etxetik lanean aritzeko aukera izango dute udal langileek

Oro har, astean gehienez hiru egunetan etxetik lanean aritzeko aukera izango dute udal langileek, koordinazio edo gainbegiratze eginkizunak dituzten lanpostuetan izan ezik (beren ardurapean langileak dituztenak), horiek egun bakarrean egin ahal izango dutelako.

Lanpostu batzuek ezin izango dute lan modalitate hori aukeratu

Era berean, lanpostu batzuek ezin izango dute lan modalitate hori aukeratu, hala nola herritarrei arreta eta informazioa ematen dieten langileek, batez ere eskuzkoak eta presentzialak diren zerbitzuetakoek -garbiketa-, edo informazio sentsiblea eta babes berezia duten datuak erabiltzen dituztenek. Zerbitzua modalitate ez-presentzialean emateko aldia 2024ko urriaren 1etik 2025eko ekainaren 30era bitarte izango da.