Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Gizarte Kontseiluaren osoko bilkurak oniritzia eman die asteazken honetan unibertsitate publikoaren 2023ko ekitaldiko kontabilitateko egoera orriei. Behin betiko gauzatutako aurrekontua 534,6 milioi eurokoa izan zen, eta kopuru horrek %5,18ko aldakuntza ekarri zuen aurreko ekitaldian kontabilizatutako datuen aldean.

EHUko Gizarte Kontseiluaren osoko bilkurak onartu duen kontu ikuskarien txostenaren arabera, unibertsitatearen finantzaketa bide nagusia erakunde publikoek eta beste erakunde batzuek eragiketa arruntak finantzatzeko emandako transferentzia arruntak eta diru laguntzak izan ziren 2023an, gauzatutako behin betiko aurrekontuaren %77,53 izanik, aurreko urtean %82ra izan ziren bitartean.

EHUren finantzatzaile nagusia Eusko Jaurlaritza izan zen berriro, 380 milioi euro ingururekin, ekarpen arrunten eta beste ekarpen batzuen artean, ordainsari osagarriak finantzatzeko edo programa kontratuaren gastu arruntak finantzatzeko. Espainiako Estatuak beste 11,43 milioi euro jarri zituen unibertsitateko aurrekontuan, eta Europar Batasunetik 17,87 milioi euro heldu ziren. Hiru aldundiek, udalek eta beste toki erakunde batzuek egindako transferentziak bost milioi euro pasatxo izan ziren.

Kopuru horiei beste 60,1 milioi euro gehitu behar zaizkie, beste diru sarrera batzuetatik helduak (tasak, ondare sarrerak eta abar), bai eta beste 59,97 milioi euro ere, jasotako kapital transferentzia eta diru laguntzetatik helduak. Unibertsitateko diruzaintzako soberakina 0,126 milioi eurokoa zen 2023ko amaieran.