AEK-ko 2024-2025 ikasturterako aurrematrikulazio kanpaina amaitzear da, eta ostirala baino lehen izena ematen duten ikasleek ikasturte honetako prezioak izango dituzte, inolako igoerarik gabe.

Horrez gain, AEK-ko iturriek jakinarazi dutenez, badira beste onura batzuk ere, ikasleek ordainketa malguago egiteko aukera izango baitute, hots, epe bat gehituko zaie ohiko ordainketa epeei, eta taldeak osatzeko orduan lehentasuna izango dute.

AEK-ko ikasleek zein ikasle ez direnek balia dezakete aukera hori, hala aurrez aurreko ikastaroetan, nola Foruko (Bizkaia) barnetegiko neguko hilabeteko ikastaroetan.

Gerora ikasleak ikastaroa ez egitea erabakitzen badu, aurrematrikularen %100 itzuliko zaio, ikastaroa hasi aurretik jakinaraziz gero. Hortik aurrera, matrikularen zenbatekoa itzultzeko, ohiko baldintzak aplikatuko zaizkio.

AEK-ko arduradunek nabarmendu dute "matrikula gorakada polita" izan dutela aurtengo ikasturtean, aurrekoarekin alderatuta %11 gehitu baita. Datorren ikasturtera begira, helburu nagusia jende gehiagorengana iristea da.

Bestalde, Barakaldoko (Bizkaia) Udal Euskaltegia datorren ikasturtea prestatzen ari da dagoeneko, eta horrela, besteak beste, adinekoentzako ikastaro bereziak eskainiko ditu 25 euroan irailetik aurrera.

"Adinekoek euskara ikasteko aukera izan dezaten nahi dugu, bai hutsetik hasita, bai lehendik dituzten ezagutzak freskatzeko, eta horretarako tarifa berezi bat eskaintzea pentsatu dugu, ikasleentzat martxan jarri genuenaren antzekoa, alde ekonomikoa eragozpen izan ez dadin", azaldu du astelehen honetan Iratxe Foces Barakaldoko Udaleko Euskara zinegotziak.

Ikastaroak Udal Euskaltegian bertan egingo dira, goizez. Helburua da euskaltegira joatea adinekoentzat "erosoa eta erakargarria" izatea, "anima daitezela euskara praktikan jartzera, erabiltzera, eta egin dezatela hori poltsikoetarako ahalegin handia izan gabe".