Elhuyarren teknologia guztiak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez eta galegoz erabil daitezke
Adimen artifizialean oinarritutako 'Elia' itzultzaile automatikoa, 'Aditu' ahotsa testu bihurtzen duten tresna eta 'TTS ahotsak' sei hizkuntza horietan erabiltzeko aukera dago
Elhuyarrek aurrerapauso bat eman du hizkuntza teknologien eta adimen artifizialaren esparruan gizartean sortzen ari diren erronkei erantzuten jarraitzeko helburuan, bere teknologia guztiak euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, katalanez eta galegoz erabiltzeko aukera eskainiz gizarteari.
Modu honetan, adimen artifizialean oinarritutako Elia itzultzaile automatikoa, Aditu ahotsa testu bihurtzen duten tresna eta TTS ahotsak sei hizkuntza horietan erabiltzeko aukera dago, Elhuyarretik jakinarazi dutenez.
Hain zuzen, 'Elia' itzultzaile neuronalaren bidez, testu soilaz gain, dokumentu formatudunak osorik itzul daitezke segundo gutxian, eta sistema edonon txerta daiteke. Horrez gain, itzulpenak pertsonalizatzeko aukera du. Hiztegi pertsonalizatu bat gehitu dakioke, hitz edo esaldi batzuk nahi bezala itzul ditzan beti.
'Elia' itzultzaileak 'TTS ahotsak' integratuak ditu, eta, ondorioz, testu bat itzultzeko eskatzeaz gain, irakurtzeko ere agindu dakioke. Itzultzaileak eskaintzen dituen aukera guztiak ezagutzeko elia.eus webgunean sartzea besterik ez dago.
Bestalde, 'Aditu' plataformak automatikoki prozesatzen ditu aurrez grabatutako audio eta bideo fitxategiak, eta haien transkribapenak eta azpitituluak sortzen ditu. Automatikoki sortutako emaitza hori webgunean bertan edita dezake erabiltzaileak, horretarako espresuki prestatutako edizio interfazean. Gainera, 'Elia' itzultzailea integratua duenez, webgunean bertan itzul daitezke transkripzioak eta azpitituluak sei hizkuntzatara.
'Aditu' eremu askotan aplika daiteke, hala nola ikus-entzunezkoen eta hedabideen sektorean edukia azpititulatzeko, itzultzeko eta edukiari irisgarritasuna emateko; administrazio publikoan, udaletan eta, oro har, bileretan, aktak modu errazean idatziz jasotzeko; industrian, makinen eta pertsonen arteko elkarrekintzak ahots bidez egiteko. aditu.eus webgunean ikus daitezke bere erabilera guztiak.
Temas
Más en Sociedad
-
Denuncian la "brutal agresión" de un policía a una manifestante por la educación pública en Valencia
-
Un avión con destino a Mallorca regresa a Estados Unidos por un dispositivo Bluetooth llamado 'bomba'
-
Lan munduan euskararen erabilera indartzeko Lanera enpresa sarea aktibatu du Jaurlaritzak
-
La "responsabilidad compartida" de impulsar el euskera marca el Ibilaldia