Bidaiariek BAT txartelarekin ordaindu ahal izango dituzte beren bidaiak Bizkaibus eta Bilbobus lineetan eta Bizkaiko gainerako herrietako hiri autobusetan, Artxandako funikularrean, Bizkaia Zubian eta Ereagako igogailuan, ekainaren 18tik. Horrela, Arabako BAT txartela erabilgarria izango da Bizkai osoan, duela urte batzuk Bilboko metroan eta tranbian eta La Reinetako funikularrean ezarri ondoren.

Ondorioz, Arabako Foru Aldunditik zehaztu dutenez, ekainaren 18tik aurrera, BAT txartela ordaintzeko bide baliagarria izango da Bilbo eta Bizkaiko herri eta eskualdeak lotzen dituzten Bizkaibus lineetan, Bilbo barrutik komunikatzen duten Bilbobus lineetan, Etxebarri Busean, Erandioko autobusean, Kbusean (Barakaldo), Lejoan Busean (Leioa), Sopelbusean (Sopela), Galdabusean (Galdakao), Bizkaia Zubian, Artxandako funikularrean eta Ereagako igogailuan.

Bizkaiko garraiobide publiko horietan BAT txartelarekin bidaia ordaintzen duten pertsonek Creditrans diru tarifaren onura izango dute. Tarifa horrek, aurten, txartel arruntaren prezioaren gaineko %50eko deskontua dakar.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak kontratua lizitatu eta izapidetu du eta beharrezko garapenak egin ditu BAT txartela garraiobide horietan guztietan erabili ahal izateko. BAT txartelak, beraz, guztiz eraqbilgarria da Bizkai osoan, metro zerbitzuan (1., 2. eta 3. lineak), Euskotrenen, Bilboko tranbian eta La Reinetako funikularrean ezarri ondoren.

Foru erakundearen arabera, garraio berri horiek sartzea "beste urrats bat da Euskadiko garraiobideen elkarreragingarritasunean aurrera egiteko helburuan", bai eta BAT, Barik eta Mugi garraio txartelak euskal garraio publikoaren sare osora egokitzeko eta berdin erabiltzeko aukera emateko helburuan ere. Proiektua hainbat erakunde eta eragileren lankidetzari esker egin ahal izan da.

Bizkaibusen, Bilbobusen, Bizkaiko hirietako autobusetan eta Bizkaiko gainerako garraiobideetan BAT txartel pertsonalizatuarekin ordaindutako bidaiak ez dira zenbatuko Arabako Foru Aldundiak kudeatzen duen garraio publikoan ezarritako deskontu progresiboko sistemarako, sistema horrek Alavabus eta eskualdeko garraio lineetan soilik baitu balioa.