Síguenos en redes sociales:

EAEko 6.115 ikaslek parte hartu zuten 2023an alkoholaren kontsumoa prebenitzeko tailerretan

Orotara 301 tailer egin ziren 41 udalerritako 102 ikastetxetan, Osakidetzak eta Osasun Sailak jakinarazi dutenez

EAEko 6.115 ikaslek parte hartu zuten 2023an alkoholaren kontsumoa prebenitzeko tailerretanPixabay

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 6.115 ikaslek parte hartu zuten 2023an alkoholaren kontsumoa prebenitzeko eskola esparruan egindako tailerretan. Orotara 301 tailer egin ziren 41 udalerritako 102 ikastetxetan, Osakidetzak eta Osasun Sailak jakinarazi dutenez.

Osasun Sailak 2009an abiatu zuen Adingabeak eta alkohola programa ekimena, eta orduan 55 tailer egin ziren hamar udalerritako 22 ikastetxetan, 1.540 ikasleren parte hartzearekin. Programa "mugarri bat" izan zen, prebentzioaren kultura modu esponentzialean hedatzeko trakzio efektua eraginez.

Gaur egun, bere garaian programa bat izan zena ekimen sare bihurtu da, toki erakundeekin koordinatuta. Hala, eskola esparruan alkohola kontsumitzearen ondoriozko arriskuak murrizteko programak 301 tailer eskaini zituen iaz: 238 Eusko Jaurlaritzak eman zituen, 33 udaletako 84 ikastetxetako geletan, eta 4.843 ikaslek hartu zuten parte; udalek eta mankomunitateek 63 tailer antolatu zituzten zortzi udalerritako 18 ikastetxetan, 1.272 ikasleren parte hartzearekin. Guztira, beraz, 6.115 gaztek parte hartu zuten iaz tailerrotan.

Era berean, arte eszenikoen bidez alkohola kontsumitzearekin lotutako arriskuak prebenitzeko programaren barruan, 43 emanaldi egin ziren 2023an, eta 2.256 ikasle bertaratu ziren. Iaz, Jaurlaritzaren jaien eta aisiaren esparruen prebentzio programak 40 esku hartze egin zituen 33 udalerritan, eta 6.305 gaztek hartu zuten parte. Gainera, udalek eta mankomunitateek 30 esku hartze egin zituzten 14 udalerritan, eta 4.786 neska eta mutilengana iritsi ziren.

Aldi berean, osasun eragile gisa profesionalak sentsibilizatzeko eta prestatzeko programaren barruan 30 tailer egin ziren iaz, gazteekin, ostalaritzako profesionalekin, aisialdiko profesionalekin, jai eta txosna batzordeekin eta udaltzaingoekin harremanetan lan egiten duten 369 profesionalek emanak.

Halaber, 2023an, alkohol kontsumoaren prebentzioari buruzko gazteentzako 17.000 triptiko banatu ziren, baita alkoholimetro kualitatiboak, kartelak eta abar ere. Haurdunaldiari eta alkohol kontsumoari buruzko 3.500 triptiko ere banatu ziren.

2023ko adikzioen inkestaren arabera, Euskadin nabarmen jaitsi da alkoholaren eguneroko kontsumoaren prebalentzia, batez ere gazteen eta adin ertainekoen artean. Bitartean, alkoholaren kontsumo intentsiboaren eta mozkorraldien prebalentziak ere behera egin du, nahiz eta altua izaten jarraitzen duen.