Salburuan uretako 1.500 hegazti baino gehiago izan ziren azken negu pasan
Gasteizko hezeguneak aukeratu zituzten hogei espeziei esker, 2003. urteko zifrak berdindu dira
Salburuko hezeguneen moduko inguruneak dituen baldintza bereziei esker, joan den neguan uretako 1.500 hegazti inguruk topatu zuten bertan babesa. Hegaztiak hogei espezie ingurutakoak dira.
Negu-pasan (hala deitzen zaio urtaro horretan zehar hegazti horiek bertan egoteko aukeratzen duten tokiari), igoera handia izan dute ipar-ahateak, ahate mokozabalak eta kopetazuri arruntak Salburun. Ornitologia-adituek urtarrilaren erdialdean egindako kontaketaren arabera, horiek izan ziren hegazti gehien bildu zituzten hiru espezieak. Ipar-ahatearen kasuan, 429 izan ziren; ahate mokozabalaren kasuan, 286; eta kopetazuri arrunta 219.
Salburuko negu-pasan horren ugariak izan ez diren espezieetako bat da ahate txistularia. Azken urteotan, gainera, haren joera oso beherakorra izan da eta, hain zuzen ere, ahate-espezie bitxi honetako bi hegazti bakarrik hauteman dituzte. Garai batean, ordea, espezie hori oso ugaria zen eta ehun hegazti baino gehiago zenbatu zitezkeen. 2004an, adibidez, 147 ahate txistulari detektatu zituzten.
Istingor arruntaren eta kaio hankahoriaren kasuan ere, bi ale baino ez dituzte erregistratu.
Mehatxatutako espezieen kontserbazioari dagokionez, nabarmendu beharrekoa da negu-pasan zingira-mirotza bertan egon zela modu erregularrean. Izenak berak dioen moduan, hegazti harrapari hori hezeguneetan ohikoa izaten da eta neguan hezegune horiek aukeratzen ditu bizitzeko (baina kopuru txikitan).
Bestalde, Salburuko negu-pasan aurten detektatu diren 20 espezieen kopurua aurreko urteetan erregistratutakoaren antzekoa izan da; izan ere, beti antzeko zifra erregistratu izan dute.
Uretako hegaztiek neguko hilabeteetan izan ohi duten egonkortasunari esker, urtarrila erdialdea garai egokia izaten da zenbaketa egiteko. Une hori baliatzen dute Europa kontinente osoan negu-pasako toki bakoitzeko espezie eta hegazti kopurua identifikatzeko lana egiteko.
Zenbaketetan lortutako datuek fidagarritasunez islatzen dute populazioen ugaritasuna eta joera. Gainera, azterketa askotarako balio dute, populazio horiek eta bizileku dituzten kokagune hezeak kudeatzeko eta gero kontserbatzeko irizpideak ezartzeko.
Ahate mokozabala
Wetlands International erakundeak koordinatzen ditu lan hauek mundu mailan. Vitoria-Gasteizko Udalak, Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Unitatearen bitartez, errolda horietan parte hartzen du 1999an Salburua leheneratu zutenetik.
Temas
Más en Sociedad
-
Denuncian la "brutal agresión" de un policía a una manifestante por la educación pública en Valencia
-
Un avión con destino a Mallorca regresa a Estados Unidos por un dispositivo Bluetooth llamado 'bomba'
-
Lan munduan euskararen erabilera indartzeko Lanera enpresa sarea aktibatu du Jaurlaritzak
-
La "responsabilidad compartida" de impulsar el euskera marca el Ibilaldia