Gasteizko Udalak lankidetza-hitzarmena onartu du Zentzuz Sarearekin, bidezko merkataritza eta kontsumo arduratsua sustatzeko. Garapenerako Lankidetza Zerbitzuak 90.000 euro bideratuko ditu kontsumo-ereduek mundu mailan dituzten inplikazioen inguruan gizartea sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko ekintzak garatzeko.
Hitzarmenean jasotako ekintzen artean daude, besteak beste, Kafearen eta Bidezko Merkataritzaren Munduko Egunaren berri emateko kanpaina, tokiko merkataritza txikia bidezko merkataritzaren eta kontsumo arduratsuaren balioekin lotuta sustatzeko eta bistaratzeko jarduerak eta Zentzuz Mapa (kale-izendegi arduratsua) eguneratzea, udal-espazioetan sentsibilizazio-ekintzak, prestakuntza-jarduerak eta Bidezko Merkataritzaren aldeko Hirien Estatu Sarean parte hartzea. Bestalde, Udalak sozialki arduratsua eta jasangarria den erosketa sustatzen jarraituko du.
Udalak, gainera, hitzarmena onartu du Euskadiko GGKE-en Koordinakundearekin. 24.000 euro bideratuko dira garapenerako lankidetzari buruzko prestakuntza-, sentsibilizazio- eta komunikazio-jarduerak egitera, GGKE-ekin elkarlanean.
Bestalde, Erdi Aroko Erdiguneko Birgaitze Integratuko Plan Bereziak (PERI) fase berri bat hasi du eta bi eztabaida-saio antolatu dira, etorkizuneko dokumentuak ezarriko dituen araudi mailako gai nagusietako batzuk jorratzeko.
Bi tailer tematiko horiek maiatzaren 28an eta ekainaren 18an egingo dira, 19:00etatik aurrera, 21 Zabalguneak Pintore kaleko 45. zenbakian Erdi Aroko erdiguneko bizilagunei arreta emateko bulegoan.