Sexu indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko Tximeletak Arabako Foru Aldundiaren zentro berriak 22 emakume hartu eta artatu ditu martxan egon den lehen hilabetean, Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak jakinarazi duenez, zentroaren jardueraren lehen asteen balantzea egiteko Arabako Batzar Nagusietako batzordean egindako agerraldian.

Sexu indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta espezifikoa eta integrala emateko Arabako lehen zentroa da Tximeletak. Arabako Foru Aldundiak jarri du abian, Gasteizen dago eta publikoa eta doakoa da.

Tximeletak zentroak sexu indarkeriaren biktima diren eta bizirik atera diren emakumeei, haien senideei eta hurbilekoei arreta espezializatua ematen die urteko 365 egunetako 24 orduetan. Bere zerbitzuen artean daude larrialdi eta krisi egoeretako arreta, laguntza eta telefono bidezko eta aurrez aurreko informazioa.

Horrez gain, diziplinarteko zerbitzu espezializatu bat dauka, biktimen errekuperazio psikologikora bideratutako epe luzerako esku hartzeak egiten dituenak eta laguntza soziala eta juridikoa ematen dituenak beren eskubideak erreklamatu eta izapidetzeko.

Baliabide berria sexu indarkeriaren biktima diren 18 urtetik gorako emakumeei eta adingabe emantzipatuei zuzenduta dago. Ez da beharrezkoa salaketa jarri izana arreta jasotzeko. Zerbitzuak artatzen duen sexu indarkeriaren barne dira sexu erasoa, sexu jazarpena, sexu konnotazioa duen jazarpena, eremu digitalean egindako sexu indarkeria eta sexu indarkeriarekin loturiko emakumeen hilketa.

Urtaranek agerraldian zehaztu du Tximeletak zentroak zer esku hartze mota eskaini dituen apirilaren 19an lanean hasi zenetik. Hala, jakinarazi du zerbitzuan hartutako 22 emakumeetatik 18k arreta psikologikoa jaso dutela (52 saio guztira), eta zortzik arreta juridikoa (17 saio).

Erasotik igarotako denborari dagokionez, hiru kasutan duela gutxi gertatu da

Erasotik igarotako denborari dagokionez, hiru kasutan duela gutxi gertatu da -duela sei hilabete baino gutxiago-, eta emakume gehienek duela urte erdi baino gehiago jasan zuten indarkeria (19). Erasoak behin eta berriz jasan dituzte 12 emakumek, eta puntuala izan da gainerako hamar biktimen kasuan.

Adin taldeen arabera, artatutako emakume gehienak 31 eta 40 urte bitartekoak izan dira (sei); ondoren datoz 41-50 urtekoak (bost biktima), 21-30 urtekoak (lau), 18-20 urtekoak (hiru), 51-64 urtekoak (hiru) eta 65 urtetik gorakoak (bat). Zazpi emakumek seme-alaba adingabeak dituzte beren kargura.