Euskadiko Orkestrak kontzertu denboraldiko hurrengo programa eskainiko du asteazkenean, maiatzaren 22an, Debussy / Viloria izenburupean, eta Vocalia Taldea gonbidatu du. Kasu honetan, kontzertu bakarra izango da, Gasteizko Principal antzokian, eta Baldur Brönnimann suitzarrak zuzenduko du.

Euskal orkestrak jakinarazi duenez, kontzertua euskal musika garaikidearen obra "aski garrantzitsu batekin" hasiko da: Parisen bizi den Ramon Lazkano donostiarrak 2010ean sortutako 'Mugarri' partitura, azken hamarkadan Europan gehien interpretatu den euskal obra sinfonikoetako bat. Konposizioak Jorge Oteiza eskultorearen eragin nabarmena du, Lazkanok urte asko eman baititu artistaren ibilbide oparoa aztertzen.

Oso bestelako estilo batean, Itziar Viloriaren 'Oihartzun gorriak' izango da kontzertuko beste euskal obra

Oso bestelako estilo batean, Itziar Viloriaren Oihartzun gorriak izango da kontzertuko beste euskal obra. Duela hilabete estreinatu zuen Galiziako Real Filharmonia orkestrak, eta orain Euskadiko Orkestrak joko du lehenbiziko aldiz Euskadin. Bizkaiko meatzaritza eremuko memoria kolektiboa omentzen du konpositore eta artista plastiko bizkaitarrak.

Kontzertuaren gainerakoa inpresionismoaren sortzaileetako bat den Claude Debussyri eskainiko zaio, ahalmen oroitarazle handiko bi obrekin. Alde batetik, 'Nocturnes' orkestrarako eta emakumeen korurako triptikoa interpretatuko du, eta, hirugarren eta azken mugimendua interpretatzeko, Euskadiko Orkestrak Vocalia Taldea gonbidatu du, ahots zurien abesbatza aparta, egoitza Gasteizen duena, eta Basilio Astulezek zuzentzen duena.

Sarrerak salgai daude www.euskadikoorkestra.eus webgunean eta Principal antzokiko web orrian eta leihatilan

Kontzertua 'La Mer' lanarekin amaituko da, non Debussyk olatuen jokoak, zeruak uraren gainean egiten dituen islak eta haizearen elkarrizketa harrapatu baitzituen.

Asteazkeneko emanaldia 19:30ean hasiko da eta sarrerak salgai daude www.euskadikoorkestra.eus webgunean eta Principal antzokiko web orrian eta leihatilan, 10 eta 38 euro bitartean.