Kimuak programaren epaimahaiak 27. ediziora aurkeztutako 47 proposamenak aztertu eta zazpi film labur hautatu ditu 2024ko katalogoa osatzeko. Dinosaurioak (Koldo Almandoz), Errotatiba (Iratxe Fresneda), Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) (Izibene Oñederra), Exergo (Jorge Moneo Quintana), Patrimonio (Aitor Abio), Todo lo cubre la sal (Joana Moya Blanco) eta Utländsk (Alba Lozano) dira zazpi lanak.

Kimuak programak euskal film laburren sustapena eta zabalkundea du xede

Basque Audiovisual markaren arduradunek jakinarazi dutenez, Etxepare Euskal Institutuaren eta Zineuskadi elkartearen bidez egituratzen den Kimuak programak euskal film laburren sustapena eta zabalkundea du xede. Urtero bezala, euskal film laburren hautaketa nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ekimen garrantzitsuenetara bidaliko da.

Alaitz Arenzana Zinegoak jaialdiko zuzendari artistikoak, Sra. Polaroiska talde artistikoko kideak, Claudio Zilleruelo Acra Black Canvas jaialdiko sortzaile eta zuzendari artistikoak eta Xavi Herrero Ibizacinefest jaialdiko zuzendari eta programatzaileak osatu due hautaketa batzordea.

'Kimuak 2024' katalogoa osatzeko, fikzio, ez-fikzio, entsegu, dokumental eta animaziozko lanak aukeratu dituzte. Filmetako bat euskara hutsean egina dago, beste bat euskaraz eta gaztelaniaz, eta hirugarren bat euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Bi osorik gaztelaniaz eginak daude, eta azken biek ez dute elkarrizketarik. Zazpi film laburretatik lau emakumezkoek zuzendu dituzte, eta hiru egileen lehen edo bigarren filmak izan dira.