Eusko Jaurlaritzak gardentasunerantz beste urrats bat emateko kontratazio publikoan formulario elektronikoak txertatzeko garatutako plataforma aurkeztuko du datorren astean Bruselan, Europar Batasunak gonbidatuta. Jaurlaritza da Espainiako Estatuko administrazio autonomiko bakarra formatu elektroniko berriak modu automatizatuan garatzen eta Europar Batasuneko Egunkari Ofizialera bidaltzen.
Bada, Jaurlaritzako iturriek jakitera eman dutenez, esperientzia hori partekatuko da kontratazio publikoari buruzko datuek Europar Batasuneko politikei egiten dieten ekarpenaren inguruko hitzaldi batean, barne merkatuaren 30. urteurrenaren testuinguruan eta Europar Batasuneko Argitalpen Bulegoak antolatuta.
Ekitaldia apirilaren 29an eta 30ean egin da eta bertan gogoeta egin da kontratazio publikoko datuak argitaratzeko, kudeatzeko eta ustiatzeko egungo moduak hobetzeko eta praktika eta esperientzia onenak editore nazionalekin partekatzeko bitartekoen inguruan. Aldi berean, lankidetza hobetzeko, sinergiak aprobetxatzeko eta burokrazia murrizteko aukerak identifikatu nahi dira.
Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontratazio Elektronikoko Zerbitzuak iaz abian jarritako tresnarekin duen esperientziaren berri eman du esparru horretan.
Halaber, formulario elektronikoak Kontratazio Publikoko Euskadiko plataforman (KontratazioA-n) integratzearen indarguneak nabarmendu dira. Horien artean dago lortutako eraginkortasun handiagoa Europako eskalan eta eskala nazional eta eskualdekoan kontratazio publikoko iragarkiak argitaratzeari eta kudeatzeari dagokionez.