Ibaiei lotutako lehenengo giza kokalekuak agertu zirenetik eta ura baliabide gisa erabiltzen hasi zirenetik, ibaiertz asko aldatzen joan dira hiriaren garapenari eta jarduera soziokulturalari zein jarduera ekonomikoari eusteko. Horren eraginez, herri eta hirietan pasealekuak eta espazio publikoak eraiki dituzte ibaiertzetan. Jende asko ibiltzen da horietan, eta biztanleek baloratu egiten dituzte. Dena den, aldi berean, ibaiaren espazioa bera okupatu eta inpermeabilizatu dute, ibilguaz harago. Ondorioz, ibai sistemaren dinamika ekologikoak aldatu egin dira, eta uholde arriskuarekin lotutako arazo handiak sortu dira. Eta arazo horien inpaktua eta arriskua are gehiago handitu dira aldaketa klimatikoaren testuinguruan.

"Euskal Autonomia Erkidego osoan, batez ere Bizkaiko Golkorako isurialdean, hirigintza egitura ibai ibilguen inguruetan burutu izan da, arro bakoitzaren baldintza morfologikoetara egokituz eta ibai ertzetan, uholde lautadetan edo haran hondoetan kokalekuak gauzatuz. EAEko 2 milioi pasako populazioaren atal handi bat bertako ibaien eta erreken ertzetan bizi da, ibai-erreka hauen ibilguak direlarik Autonomia Erkidegoko herrien eta hirien funtsezko ardatz. Horren ondorioz, irudi lezake ezinezkoa dela ibairik gabeko hiririk, ez eta hiririk gabeko ibaia ere", zehaztu dute ikertzaileek.

Gida berria

Euskal Herriko Unibertsitateko Paisaia Kulturalei eta Ondareari buruzko UNESCO Katedrak ‘Guías de buenas prácticas en materia de paisaje’ izeneko gidak sortu ditu Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren zuzendaritza teknikoarekin. Lurralde mailan paisaia arloko antzeko jarduketak egiten lagunduko duen tresna bat garatzea da helburua, eta jarduketa horiek hurbiltasun eskalekin bat etortzea. Sortako bigarren gida, ‘Guía de buenas prácticas en materia de paisaje. Espacios urbanos fluviales’ izenekoa, tresna erabilgarri bat da. Ibai sistemarekin harremana duten hiriko eremuak leheneratzeko eta naturalizatzeko jarduketak abiatzeko orduan administrazio publikoek eta lantalde teknikoek egin beharreko lanak erraztea du helburu, ikuspegi praktiko batetik.

Errealitate konplexu horren aurrean, lurralde plangintzarako tresna eta estrategiek funtzio garrantzitsua dute eremu horien antolaketan eta kudeaketan. Izan ere, honakoen arteko oreka bilatzen dute tresna horiek: uholde arriskua txikitzea, ingurumena hobetzea, ibai paisaiari balioa ematea eta ibaiaren dinamikekin bateragarriak diren erabilerak ezartzeko aukera. Zentzu horretan, “erronka klimatikoei aurre egiten eta pertsonen bizi kalitatea eta ongizatea bermatuko dituzten hiri eremu erresilienteagoak eta jasangarriagoak lortzen lagunduko duten aukera eremu gisa ulertzen ditu hiriko ibai eremuak gidaren ikerketa lanak”, nabarmendu du ikerketa taldeak. "Horretarako, diziplina anitzeko lantaldeak ibai paisaien gaineko ikuspegi integrala erabili du ikerketa egiteko, eta kontuan hartu ditu faktore guztiak (ibaiko fatxada, hiri egitura gisa; ondare materiala eta immateriala; uholde arriskuaren faktorea; eta ibaia bizitzaren korridore gisa), ezin baitira elkarrengandik bereizi".