Antzokien Udal Sareak 35 proposamen programatu ditu neguko denboraldirako. Horietatik 25 Principal Antzokian egingo dituzte, eta 10 sareko beste antzoki batzuetan, urtarriletik martxora.

Denboraldi honek askotariko formatuak eta diziplinak batuko ditu, baina ohiko nortasuna mantenduko du. Gainera, hasiera emango die 2024ko abonuei: helduentzako antzerkia, dantza, euskarazko antzerkia eta familientzako ikuskizunak.

Era berean, ohiko ‘XXI. Mendeko Flamenkoa’ eta ‘Jim Aktual’ zikloak egingo dituzte, Jesús Ibáñez de Matauco Antzokian; eta ‘Ikuskizuna Ibaiondon’, Félix Petite Antzokian. Gainera, haur txikientzako ohiko hitzordua izango da Federico García Lorca Antzokian (Lakua Gizarte Etxea).

“Kalitate izugarriko denboraldia, formatu handiko proposamenekin dantzan, antzerkian eta beste lengoaia batzuetan. Gainera, tokiko artista ugari ditu, eta ziklo eta espazio bakoitzaren nortasuna mantentzen du. Beti bezala, hiritarrek, antzerkizaleek eta arte eszenikoen zaleek gozatzea espero dugu”, esan du Sonia Díaz de Corcuerak, Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.

“Denboraldi hau urtearen eta, publikoak gustu handiz erosten dituen, ohiko abonuen hasiera da. Askotariko denboraldia da eta nortasun desberdinarekin udazkeneko jaialdiarekin alderatuta. Denboraldi honetan diziplina ugari proposatzen dira, ilusio handiz eratu dugu eta publikoa antzerkira hurbiltzera eta eskaintza honetaz gozatzera animatzen dugu “, gehitu du Marta Monfort, Udal Antzoki Sareko arduradunak.

Antzezle handiak igaroko dira negu honetan Gasteizetik: Josep María Pou, Aitana Sánchez Gijón, Carmen Machi, Manuela Velasco eta Javier Gutiérrez. Era berean, zuzendari eta testu handiak izango ditugu gure artean, sorkuntza eszenikoko zentro garrantzitsuen ekoizpenekin.

Umore, musika eta dantza ugari igoko da Principal antzokiko taula gainera, konpainia handien eskutik; esaterako, Kukai eta La Veronal. Eta proposamen bereziagoak ere izango dira, hala nola Rodrigo Cuevasen kontzertua edo Strad biolin jotzaile bihurria.

Halaber, Udal Musika Bandaren eta Euskadiko Orkestraren kontzertuei ere egingo zaie tarte bat.