Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak trafiko-istripuen biktimen omenez egin den ekitaldian parte hartu zuen. Ekitaldia Euskadiko Stop Bide Indarkeria elkarteak antolatu zuen Gipuzkoako hiriburuan Trafiko Istripuetako Biktimak Oroitzeko Munduko Eguna dela eta. Zuzendariarekin batera ekitaldian izan dira, besteak beste, Donostiako Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariak eta trafiko-istripuetako biktimen familiartekoak.

Olabarrik azpimarratu zuen azken urteotan finkatzen joan dela Euskadin istripu-tasaren beheranzko joera. 2000. urtean 200 pertsonatik gora hil ziren Euskadiko errepide-sarean. Aurten, azaroaren 17ra arte, 36 pertsona hil dira (24 Gipuzkoan, 7 Bizkaian eta 5 Araban). 2022ko aldi berean, 40 pertsona hil ziren (18 Gipuzkoan, 17 Bizkaian eta 5 Araban).

Trafikoko zuzendariak adierazi duen bezala: “Joera beheranzkoa bada ere, biktima bakarra ere gehiegi da. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzatik sentsibilizazio- eta kontzientziazio-ekintza eta -programa ezberdinetan ari gara lanean Zero Biktima helburuarekin, Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorrerako 2025 Plan Estrategikoan eta Bide Segurtasunaren Aldeko Itunean jasota dagoen bezala. Helburua herritarrak kontzientziatzea da istripuak prebenitzeko eta murrizteko, kolektibo zaurgarriei arreta berezia eskainita”.

Bestalde, Estibaliz Olabarrik gogorarazi zuen Bide Segurtasuna errepideak erabiltzen dituzten pertsona guztien erantzukizuna dela, bai eta erakundeena eta istripuen tasa murrizteko erronkarekin konpromisoa hartuta duten gainerako eragileena ere.

Trafiko Istripuetako Biktimak Oroitzeko Munduko Eguna urtero egiten da azaroko hirugarren igandean, eta 2005ean egin zen lehenengo aldiz, NBEak gobernuei eskatu zienean efemeridea oroitzea gizartea kontzientziatzeko.