Gasteizko Udaletik azpimarratu dutenez, Maider Etxebarria alkatea izan da gaur goizean ‘Bihotzaren Hamabostaldia’ VII. edizioan parte hartu dutenei diplomak banatzeko ekitaldian. Egitasmoan, 148 pertsonek amaitu dituzte bihotz-biriketako bizkortzeari (BBB) eta aire-bideen buxadurari buruzko prestakuntza-ikastaroak, Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialak (ICOMA) eta Udalak antolatutakoak.

Ekitaldia udaletxeko harrera-aretoan egin da eta Udalbatzako eta Arabako Sendagileen Elkargoko ordezkariak izan dira bertan. Haien buru Kepa Urigoitia presidentea izan da.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, Gasteizko alkateak azaldu duenez, “prestakuntza horri esker, larrialdi-egoera baten aurrean, osasun-zerbitzuak iritsi arte esku hartzeko gai diren eta prestatuta dauden herritarrak izatea berma dezakegu. Garrantzitsua da gure esperientzia zabaltzeko eta gainerako herritarrak kontzientziatzeko gai izatea; izan ere, kasu horietan, garaiz esku hartzea hil ala biziko kontua izaten da”.

Gasteizko Udaletik azpimarratu dutenez gaur bertan prentsa-ohar baten bitartez, ikastaroak urriaren 16tik 31ra bitarte egin dira eta "partaideek honako hauei buruzko prestakuntza praktikoa eta teorikoa jaso dute", azpimarratu dute: "bizi-arriskuko egoerak antzematea, aire-bideko buxaduren aurrean jardutea eta oinarrizko bizkortze-maniobrak egitea helduengan, haurrengan eta bularreko haurtxoengan. Gainera, desfibriladoreak erabiltzeari buruzko prestakuntza ere eman diete", ondorioztatu dute azkenik Gasteizko Udaletik.