Elxeko Udala tokiko Hiri Agenda prestatzen ari da, Espainiako Hiri Agendarekin lotuta.Hori dela eta, jardunbide egokiei buruzko bi jardunaldi antolatu ditu, herritarrei irekiak, prozesu horrek partaidetza eta beste hiri batzuetan garatutako jardunbide egokiak ezagutzea eskatzen duela iritzita.
Atzo, asteazkena, egin zen lehen bilera, arratsaldeko azken orduan, Alacanteko Miguel Hernández Unibertsitatean. Bilera horretan, 21 Zabalguneak gonbidatu gisa parte hartu zuen, Gasteizko Zaramaga auzoan garatzen ari den birgaitze ekologikoko proiektuaren eragilea den aldetik.
Udal hirigintza sozietateko zerbitzu teknikoen lanak lortutako ospe onak ekarri du gonbidapena, bereziki Zaramaga berroneratzeko, eko-birgaitzeko eta biziberritzeko proiektuaren barruan egindako lanak.
Aipatutako zerbitzu teknikoek topaketa-foro horretan azaldu dutenez, “Zaramagako proiektua beste hiri batzuetara egokitu daitekeen ekimena da, arazoak konpontzeko, potentzialtasunei etekina ateratzeko edo udalerri bakoitzaren berezko konponbideak diseinatu eta hartzeko. Horretarako, ezinbestekoa da laguntza publikoak ematea auzoaren deskarbonizazioa sustatzeko, etxebizitzak eta udal-eraikinak birgaituta, energia-iraunkortasuna handitzeko eta irisgarritasuna hobetzeko neurrien bidez“.
Era berean, 21 Zabalguneak aipamen berezia egin dio Zaramaga auzoko espazio publikoak izango duen hobekuntzari; izan ere, proiektu horren barruan sartzen dira azpiegitura berdeak, mugikortasun jasangarriaren aldeko ekintzak eta adinekoei arreta emateko ekipamenduak berritzeko ekintzak.