- Gidatu bitartean gazteen adimen emozionala neurtzeko gaitasuna duten test bat garatu du UPV/EHUko Qualiker taldeak, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak lagunduta. Egitasmo horren izena 'Emovial' da, eta emozioak hiru dimentsiotan aztertuko ditu: gidatu bitartean emozioei jartzen zaien arreta maila, emozio horiek zenbateraino ulertzen diren, eta, emozioak erregulatzerako orduan gidariak sentitzen duena. "Garrantzitsua da jakitea gazteek gidatzen duten bitartean zenbaterainoko gaitasuna duten sentitzen duten agresibitatea, beldurra, haserrea edo estresa erregulatzeko, baita drogek eta autoan doazen lagunek eragiten dituzten emozioak ulertzeko eta erregulatzeko ere, beren gidatzeko jokabideetan eragina izan ez dezaten; izan ere, hortik, istripu asko gertatzen dira", azaldu du Aitor Aritzeta UPV/EHUko psikologia doktoreak.
Gaur egun, gazteen errepide-istripuak mundu mailako osasun-arazo bihurtu dira. Izan ere, 18-25 urte bitarteko mutilen artean lehenengo heriotza-kausa dira. Heriotza horietako arrazoi nagusiak jokabide desegokiak eta arreta galtzeak izan ohi dira (10 istriputatik 9tan hala gertatzen da). Alabaina, momentura arte ikerketa gutxi egin dira emozioek zirkulazio-istripuetan izan ditzaketen eraginaren inguruan. Qualiker taldeko ikerlariek egindako azterketan gidatze-portaerari erreperatu zaio bereziki. Gauzak horrela, testa 600 gazterekin baliozkotu dute dagoeneko, eta azken honen propietate psikometrikoen analisiak testa baliagarria eta fidagarria dela frogatu du. "Pozik gaude komunitate zientifikoaren eta arlo aplikatuan dauden administrazio publikoen, autoeskolen€ esku jarri dugulako emozioek istripuetan zer eragin izan dezaketen zorrotz neurtzeko tresna, arrisku-prebentzioan lagungarri izan daitekeena", adierazi du Aritzetak.
Horrenbestez, testean puntuazio altua lortu duten pertsonak, enpatia gehiago erakusten dute oinezkoekiko zein txirrindulariekiko. Era berean, 18-25 urte bitarteko adin-tartean, emakumeen adimen emozionala gizonezkoena baino handiagoa da. "Datu horrek badu ekarpen interesgarri bat, gizonezkoetan bakarrik aurkitu delako lehenengo heriotza-kausa istripuena izatea, baina emakumeetan ez", zehaztu du Aritzetak. Hortaz, ondorio orokor gisa, adimen emozional altuko pertsonek arrisku gutxiago hartzen dituzte bizitzan.
Dena den, ikerketa ez da aipatutakora mugatu, eta emozioez gainera, beste aldagai batzuk ere neurtuko dira Emovial izeneko testean. Zentzu horretan, adimen emozionalak lotura zuzena dauka arriskuaren pertzepzioarekin Aritzetak adierazi duenez: "Zauritu ezina zarela pentsatuz edo droga kontsumituta edo mugikorra erabiliz gidatzea, alegia, arriskuei kasurik egin gabe gidatzea, jokabide arriskutsua da". Azkenik, testak hizkuntza askotara egokitu daitezke, laburrak eta betetzeko errazak direlako. Horrekin bat, ingelesera eta frantsesera egokitzeko bi eskaera jaso dituzte ikertzaileek jada.