GASTEIZ. Hitzarmenaren helburua euskara sustatzea izango da, eta lehen aldia izango da hiru erakundeen arteko horrelako akordio bat sinatzen dela.
Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak gogoratu dutenez, 2016-2020 legealdirako onartutako Euskadi 2020 gobernu programaren 119. konpromisoak jasotzen du "euskararen hiru lurraldeen erakundeen arteko lankidetza" antolatu eta indartuko dela.
Hizkuntza politikaren inguruko hiru administrazioen arteko harremana berria ez bada ere, eta bi aldekako hitzarmenak dauden arren, hiru aldeen arteko hitzarmen bat bultzatuko da lehenengoz, beti ere lankidetzan sakontzeko asmoz.
Akordioak ez du eduki ekonomikorik, baina elkarlanerako oinarriak, esparruak eta ekimen zehatzak ezarri dira.
Akordio proposamenak bost esparruri heltzen dio: hezkuntza eta hizkuntza gaitasuna; euskararen erabilera; gogoeta esparruak eta mintegiak; ikerketa soziolinguistikoa eta corpusa; Europako markoan hizkuntza politika garatzeko bideak jorratzea. Arlo hauetan guztietan elkarlanean jorratzeko neurriak aipatzen dira.
Hitzarmen markoaren xehetasun guztiak datozen asteotan aurkeztuko direla jakinarazi du Erkorekak, izapide administratiboa gainditu ondoren hiru erakundeek hitzarmena sinatzean.