BILBO. Aplikazioa sortuta, arlo juridikoko hiru eragile talde horietako profesional euskaldunen komunitatea sendotu nahi da, eta, aldi berean, hizkuntza juridikoaren arloko baliabideak eskaini, 400.000 itzulpen juridiko baino gehiago baititu erabilgarri, Eusko Jaurlaritzako Administrazio Publiko eta Justizia Sailak jakinarazi duenez.
Bereziki abokatutza, prokuradoretza eta notariotzan diharduten profesional euskaldunei zuzenduta egon arren, Jaurlaritzak garatutako "Auzia Euskaraz" proiektuaren baitan sorturiko aplikazioa Zuzenbidearen esparruko unibertsitate komunitatearentzat eta euskara juridikoan interesa duen edo demanda judizial bat euskaraz aurkeztu nahi duen edonorentzat ere bada. Aplikazioa doan jaitsi daiteke jada Android eta iOS euskarrietarako.
"Auzia Euskaraz" aplikazioak bi helburu nagusi ditu: arlo juridikoko eragile euskaldunen komunitatea sendotzea eta hizkuntza juridikoko baliabideak eskaintzea gailu mugikorretik klik bakarrean. Berez, euskara juridikoaren datu baserik handienetako bat da, eta 400.000 itzulpen baino gehiago daude erabilgarri.
Bi helburu nagusi horiek betetzeaz gain, Jaurlaritzak beste helburu hauek ere bete nahi ditu: komunitate juridiko euskaldunera kide berriak erakartzea (orain arte 507 eragile juridiko daude), profesionalek euskara erabiltzea sustatzea; euskararen kalitatea ziurtatzea, hizkuntza juridikoarekin zerikusia duten zalantzak argituz; hizkuntza normalizaziorako lantaldearen zerbitzua hobetzea; erabiltzaileen esku jartzea Justizia Administrazioko hizkuntza normalizaziorako lantaldeak garatutako tresnak.
ERABILGARRITASUNA
Aplikazioa lau tresna nagusik osatzen dute, eta pantaila nagusian agertzen dira. Horrela, ikono laranjak profesionalen zerrenda eskaintzen du, abokatu, prokuradore eta notario euskaldunak bilatzeko, eta ikono urdinak "Auzia Euskaraz" proiektuari buruzko informazioa ematen du.
Halaber, ikono gorriak, erabiltzaile motaren arabera, aukera ezberdinak eskaintzen ditu, besteak beste, komunitate juridiko euskaldunean sartu ahal izatea, inprimaki juridiko elebidunak, kontsulta pertsonalizatuak, hilabetekarien harpidetzea eta prestakuntza pilula juridikoak jasotzea:
Azkenik, ikono berdea terminologia juridikoa euskaraz kontsultatzeko tresna da. Datu basea da eta terminoak gaztelaniatik itzultzen ditu. Barruan 400.000 itzulpen juridiko baino gehiago ditu bildurik: lexiko juridiko bateratua, eredu judizialak, glosategiak, lege testuak , inprimaki elebidunak abokatuentzat eta abar.
Eusko Jaurlaritzak 2013ko abenduan jarri zuen abian "Auzia Euskaraz" proiektua, prozedura judizial osoa, demanda judiziala aurkezten denetik ebatzi arte, euskaraz tramitatu ahal izateko baliabideak eskaintzeko.
Hiru urteotan lau epaiketa egin dira euskara hutsean: lehenengoa Bizkaiko Lurralde Auzitegian, bigarrena Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 2 zenbakiko Epaitegian, hirugarrena Bilboko Administrazioarekiko 5 zenbakiko Epaitegian eta azkena, duela gutxi, Tolosako epaitegi batean.