bilbo - Andoni Sagarna (Donostia, 1947), euskera modernizatzeko prozesuaren aintzindaria, 1987tik da euskaltzaina. Ingeniaria ikasketaz, Fisika Hiztegia eta Kimika Hiztegia izan ziren bere lehenengo bi lanak. Orain, Eukaltzaindiaren Hiztegi “moderno, aberatsa eta erabilgarria” aurkezten du.

Nolakoa izan da hiztegi hau sor-tzeko prozesua?

-Luzea izan da. 1990eko hamarkadan hasi ginen hitzen formak erabakitzen eta horretarako dokumentatu eta erabakiak hartu behar izan genituen euskaltzainen artean. Lehenengo itzuli hori 2000. urtean bukatu zen hogei mila bat formarekin, baina jarraitu genuen formak erabakitzen. 2015aren bukaera aldera beste hogei mila erabakitzen amaitu genuen. Behin formak erabakita, hiztegia definizioz, kategoria gramatikalez... ornitu behar zen. Erredakzio talde bat egon da lan hori egiten. Gainera, euskaltzainez osatutako ba-tzorde ahaldun batek oharrak eta zuzenketak egin zituen.

Zein berritasun dakar bigarren edizion honek erabiltzailearen-tzat?

-Alde batetik, askoz ere forma gehiago daude azalduta. Beste aldetik, Interneteko bertsioa erabiltzeko posibilitatea hortze dago. Sakondu nahi duenak informazio gehiago dauka han Euskaltzaindiak dituen baliabide lexikografiko guztiak bateraturik daudelako.

Badirudi hiztegiak Interneten garatuko direla etorkizunean.

-Gaur egun hiztegiak paperean ateratzen dira badaudelako formatu fisikoaren maitale asko, baina lanerako, praktikan, gero eta gehiago erabiltzen da Internet bere abantailengatik.

Nolakoa da euskeraren gaur egungo egoera?

-Nik euskera egoera tamalgarrian ezagutu dut, bai eskubideen aldetik bai erabilera aldetik komunikabideetan, administrazioan, ikastoletan... Gaur egungo egoera askoz hobea da, baina horrek ez du esan nahi aparretan bizi behar dugunik, lanean jarraitu behar dugu alderdi guztietan. Gure ahultasun handiena hitz egiten duenak baino jende gehiagok euskera dakiela izan daiteke.

Euskera ikasgeletako hizkuntza dela esaten da sarritan, kalean entzutea zaila delako.

-Aldea egon daiteke lekutik lekura. Gauza da jendea espontaneoki, bere lagunen artean, euskera egiten duen. Hori bakoitzaren kontua da.

Zein izango litzateke Euskaltzaindiak eman beharreko hurrengo pausua?

-Obra honi dagokionez, zabalkunde ona egitea. Zabalkunde ona egitea ez da saltzea bakarrik, baizik eta jendeak hiztegiak erabiltzen ikas dezala. Hiztegiak ez dira oso ondo erabiltzen. Zuzean goaz esanahiara kategoria gramatikala zein den edo erabilerari buruzko oharrik badagoen begiratu gabe. Lan hori eskoletan eta irakasleen artean egin behar dugu. Gainera, beste hainbat egitasmo badauzkagu tartean: hiztegi etimologikoa, atlas linguistikoa... Erronkak egunero dauzkagu.