IRUÑEA. Oinez Eskal Herriko kostaldea 15 egunez ezagutzea, familia osoarekin barnetegi batean parte hartu eta hizkuntza ohiturak alda-tzea, bizikletaz Arabatik Piriniotara doan ibilbidea egitea edo jende berria ezagutzea. Hamaika helburu izan ditzake AEK-k udarako duen barnetegi eskaintzak baina, guztien gainetik, bakarra nagusitzen da: euskaraz aritzea, euskara ikasteko. Horretara bideratuko dira aurten eskaini diren hiru barnetegi modalitateak: euskalduntze barnetegiak edo barnetegi arruntak, familiei bideratutako barnetegiak eta barnetegi ibiltariak.

Izen-ematea barnetegi bakoitza hasi baino hamar egun lehenago arte irekita mantenduko den arren, badago dagoeneko osatu den talderen bat. Urtzi Arrieta udako ikastaroen arduradunak adierazi bezala, “izena ematen dutenen artean badira errepikatzaile asko”, eskaintza mota honen arrakastaren erakusle. “Esperientzia zirraragarria dira udako barnetegiak eta emaitzak oso onak izaten dira”.

Esperientzia horren oinarrian taldea dago eta talde horren harremanak euskaraz eraikitzearen abantaila, Arrietak azpimarratu bezala. “Barnetegiak 20, 25 edo 30 lagun ezagutzeko aukera ematen dizu, zuk daukazun helburu berdina dutenak baina oso desberdinak izan daitezkeenak. Banketxe batean lan egiten duena, nekazaria edo langabetua bertan bildu daitezke”. “Etorkizunari begira hori bai da euskaldun-tzeko modu hoberena”, Arrietaren iritziz, “jakinarazten baitio ikasleari euskaraz bizitzeko gaitasuna duela”. Euskara ikaslea denarentzat, halaber, ikasturtean zehar barneratutako hori praktikan jarri eta indartzeko parada ere eskaintzen dute barnetegiek.

Euskaraz aritzearen abentura Ikastaro formatua eduki ez arren erakargarrienetakoa suertatzen den eskaintzetako bat barnetegi ibiltariarena izan ohi da, “batez ere min-tzapraktitetarako”, Arrietak erran moduan. Bi formatutan banatzen dira, bizikletazkoa eta oinezkoa, eta kirola eta euskara uztartzen dituzte. Hartara, ez da gutxinekeo euskara mailarik eskatzen, “eskatzen den gauza bakarra 15 egunez euskaraz bizitzeko gai izatea” da. “Euskaraz aritzea edo behintzat euskaraz ari-tzen saiatzea behin eta berriro. Gaizki eginda ere, gauza da aritzea, giro hori sortzeko”.

Abenturatik ere aunitz baduela ezin da ukatu, Arrietaren iritziz. “Frontoi batean, herriko aterpetxean edo ostatu batek utzi digun ganbaran lo egitea suertatu daiteke. Nik diodan moduan, barnetegi hippiena da”.

Aurten, oinezkoen barnetegia Euskal Herriko kostaldean zehar eginen da. Uztailaren 16an, Bizkaiko Muskizko hondartzatik abiatuko eta, itsaslabar, mendi, hondartza, kala eta bestelako mendigune eta kostalde igaro ondoren, uztailaren 30ean Adur ibaiaren ertzean bukatuko da. Bizikleta garraiobidetzat aukeratuko dutenak, ordea, Araba eta Nafarroan zehar ibiliko dira: “Bardeak zeharkatu eta Pirinio aldera abiatuko dira, berotik hotzera, eta lurzoru lautik aldapara igaroz”. AEK-ko kideak azpimarratu duenez, alta, ez da izugarrizko sasoirik behar barnetegi ibiltarietarako. “Azken finean egun guztia dago kilometroak egiteko, bai oinez bai bizikletaz, erritmo goxoan”.

“Furgoneta batean eramaten ditugu motxilak”, azaldu du Arrietak. “Hiru irakaslek lagunduko dute talde bakoitza: bata taldearen aurretik doa, beste bat atzetik eta beste bat furgonetan. Furgonetan doanak bazkaltzeko leku aproposa aukeratuko du eta kanpamendua antola-tzeaz arduratuko da. Lesionaturik baldin badago ere furgonetan joango da, noski”.

Familien hizkuntza ohiturak aldatzen AEK-n duela urte batzuk hasitako familien barnetegiek bestelako helburua daukate: familia ohitura aldatzea eta euskalduntzea, ahal den neurrian. Hartara, eska-tzen den euskara maila altuagoa da, gutxienez B1 mailakoa. “Normalean gaztelania ama-hizkuntza bezala duten familiak izan ohi dira, egunerokoan elkarren arteaneuskaraz ari-tzeko zailtasunak dituztenak. Oso erraza da umeei euskaraz aritzea, baina helduen artean gaztelaniaz aritzen bagara, umeak ere hori ikasiko du. Naturaltasunez euskaraz aritzeko gaitasun hori landuko dugu, helduen artea eta bai heldu eta ume artean”.

Hala, urtez urte arrakastatsuagoa den barnetegi mota honen dinamikaren baitan euskara klaseak eta aisialdia uztartuko dira, betiere “ekosistema euskaldun batean”. “Batzuek etxera eramango dute hizkuntza dinamika hori eta beste batzuek ez, azken batean 12 egunetan miraririk ezin da egin”, azpimarratu du Arrietak. “Ekiten den edozein gauza bezala, zailena hastea da”.

Ikasketa prozesuaren bultzada emateko Formatu tradizionalari eutsiz, aurten ere euskalduntze barnetegiak aukeratu daitezke, Aran-tzan (Nafarroa) uztailan eta abuztuan; eta Adunan (Gipuzkoa) eta Foruan (Bizkaia) irailean. Barnetegi hauen helburua hizkuntzaren ikasketa izanik, taldeak gutxienez bederatzi pertsonakoak izanen dira eta mailaren arabera bilduko da taldea. “Goizeko zortzietan esnatu eta zortzi terdietan gosaltzen dugu. Bederatzietarako denok klasean gaude, eguerdira arte. Arratsaldean ere klaseak ematen ditugu, baita tailerrak edo gela dinamikoagoak. Arratsaldeko azken orduak nahi dutena egiteko erabiltzen dituzte ikasleek: afaltzera atera, pote batzuk hartu, kirola egin...”.

Euskalduntze barnetegia (B1-B2-C1) Arantzan (uztaila/abuztua) eta Foruan (iraila). 14 egun (90 ordu). Uztailaren 4tik 17ra, uztailaren 18tik 31ra, abuztuaren 1etik 14ra, abuztuaren 15etik 28ra, abuztuaren 29tik irailaren 11ra.

Euskalduntze barnetegia (A2) Adunan. 14 egun (90 ordu).

EGA/C1 maila egiaztatzeko azterketa prestatzeko barnetegia Arantzan. 14 egun (90 ordu).

B1/B2 mailak egiaztatzeko azterketa prestatzeko barnetegia Foruan. 14 egun (90 ordu).

Familia barnetegia. Adunan, Foruan eta Zugarramurdin (B1-B2-C1). 12 egun (80 ordu). Uztailaren 4tik 15ra, Adunan; uztailaren 18tik 29ra, Foruan; abuztuaren 1etik 12ra, Zugarramurdin; abuztuaren 15etik 26ra, Foruan.

Barnetegi ibiltaria, oinez. Euskal Herrian zehar (Muskizetik Baionara). Uztailaren 16tik 30era.

Barnetegi ibiltaria, bizikletaz. Euskal Herrian zehar (Zarautzetik Etxarri-Aranatzera). Uztailaren 30etik abuztuaren 13ra.

Bestelako eskaintza. Barnetegiak Ipar Euskal Herrian, ikastaro trinkoak, online ikastaroak...