IRUÑA. Europako errefuxiatuen krisia konpontzeko ekintza militarrak egin behar dira huts egindako jatorri estatuetan? Hauxe da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren XV. Eztabaida Ligan parte hartuko dutenek erantzun beharreko galdera, martxoaren 2 eta 3an. Hiru diru-sari ematen dituen lehiaketa honetan izena emateko epea otsailaren 24an bukatuko da. Lehiaketaren oinarriak eta izena emateko orria Unibertsitatearen web-orrialdetik jaisten ahal dira.
Irabazten duen taldeak NUP ordezkatuko du G9 Unibertsitate Taldearen VIII. Eztabaida Ligan, martxoaren 16tik 18ra, Errioxako Unibertsitateak antolatuta. Gainera, irabazten duen taldeko ordezkari batek NUP ordezkatuko du G9 Taldearen II. Mintzaldien Lehiaketan, zeina eztabaida ligan zehar egingo baita.
NUPeko Unibertsitateko Eztabaida Liga Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzak antolatzen du eta Nafarroako Parlamentuaren lankidetza dauka. Talde garaileak 700 euroko saria izango du, bigarrenak 500ekoa eta hirugarrenak 300ekoa. Gainera, txapelketan Joaquín Pascal saria emango diote hizlari hoberenari.
Liga hau Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2015-16 ikasturtean ikasketa ofizialetan matrikulatuta dauden ikasleentzat da. Lehiakideek izena eman ahalko dute elkarrekin, eztabaida-talde bezala osatua, edo banaka, izena banaka eman duten beste hainbat lagunekin batera eztabaida-taldea osatzeko.
Jarrera zozketaren bidez hartuko da
Eztabaidetan parte hartzen duten taldeek aurkako jarrerak defendituko dituzte: talde batek aldeko jarrera izango du eta eta beste taldeak aurkakoa, baina defenditu behar duten jarrera zozketaz erabakiko da eztabaida egin baino minutu batzuk lehenago. Eztabaidak 34 minutuko iraupena izango du. Talde bakoitzak hasierako azalpena egiteko txanda izango du (4 minutu), bi txanda eztabaidarako (5 minutu bakoitzean) eta 3 minutu ondorioak azaltzeko.
Puntuazioa emateko garaian, epaimahaiak segurtasuna eta gaia menderatzea, argudio-lerroaren kalitatea eta inprobisatzeko gaitasuna bezalako gorabeherak hartuko ditu aintzat. Taldeek gutxienez hiru kide eta gehienez bost kide edukiko dituzte. Kideetako bat kapitaina izango da. Bere taldea ordezkatuko du arbitroen eta epaimahaiaren aurrean, eta hitz txandetan esku hartzeko eta epaimahaiaren aurrean kexak aurkezteko aukera izango du.
Ekimen honen helburua da Unibertsitateko ikasleen artean jendaurreko elkarrizketa eta ideien alderaketa sustatzea, betiere, elkarbizitzan trebatzeko eta norberak dituen trebetasunak garatzeko. Lehiaketa honetan parte hartzen duten ikasle guztiek hautaketa libreko kreditu bat edo 0,5 ECTS kreditu jasoko dute. Bestalde, irabazten duen taldeko kideek hautaketa libreko 2 kreditu edo 1 ECTS kreditu jasoko dute.