BILBO. Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko (UPV/EHU) Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Sailak industria sentsorizazio aurreratuan jarduteko laborategi aitzindaria inauguratu du gaur, munduko hirugarren aluminio-ekoizlea den Alcoa iparramerikar fundazioaren babespean. 57.500 dolarreko (52.600 euro) dohaintzak azken belaunaldiko ekipamenduak erosteko aukera erraztu du, eta hauei esker, Eskolako ikasleek praktikak industria-inguruneko egiazko baldintzetan egin ahal izango dituzte.
Euskal Herriko Unibertsitateak, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Sailaren bitartez, iazko otsailean igorri zuen eskaera bat da sentsorizazio aurreratuan espezializatutako laborategi hau Alcoaren babespean sortzeko asmoaren jatorria. Data horretan, iparramerikar multinazionalak "Alcoa Transformación de Productos SL" izeneko filiala zeukan Zornotzan, gerora Atlas Holdings talde estatubatuarrak erosi eta Aludium izen berriaz ezagutzen den berbera.
Euskal enpresan izandako titulartasun-aldaketa horren gainetik, Alcoa Foundationek laborategi berria finantzatzeko konpromisoari eutsi dio, eta horri esker, Bilboko Eskolan ingeniaritza ikasten diharduten ikasle askok industria-ingurunera egokitutako prestakuntza espezifikoa hartu ahal izango dute ohiko ikasketen osagarri. Ingeniaritzako Gradu batzuetan, sentsorizazio eta neurketa sistemetan teknologia berriak txertatu eta ekoizpena hobetzeko arazoei aurre egitea da helburu akademikoetako bat.
4.0 Industria
Sentsorizazioa, gertaera fisikoak erregistratu eta datu gisa prozesatu eta kudeatzen dituzten gailuen bidez egindako oinarrizko informazioaren bilketa-lana da. Automatak, informazio-sistemak edota bien arteko konbinazioak erabiliz, datu horiek informazio bihurtzen dira, industria arloko balizko soluzio eta zerbitzu adimendunen mesedetan. Horren haritik, sentsorizazioa, informazio-teknologiak fabrika adimendunen ekoizpen-prozesuetan txertatzea xede duen Laugarren Industria Iraultza edo 4.0 Industria deritzonari atxikita dago.
Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko laborategi berriaren kasuan, Alcoaren dohaintzak, ikasleei praktikak industria-ingurune bateko egiazko baldintzetan egitea ahalbidetuko dieten laser eta ultrasoinu bidezko sentsoreak eta sentsore elektro-optikoak bezalako ekipamenduak erosteko aukera erraztu du. Era berean, industriako lan-prozesuen mugimenduak eskalan berregiten dituzten postuak inplementatu dira. Honela, egokitutako esparru berezi batean, lantegi giroan identifikatutakoen moduko arazoak konpontzeko konfiguratuta dauden egiazko osagaiak erabiliko dira.
Kostu handiko industria materiala erostea ahalbidetu duen iparramerikar fundazioarekin batera, horrelako ekipamenduen horniketa egiten duten enpresek ere sentsorizazio aurreratuko laborategi berriaren sorreran parte hartu dute, Unibertsitateari merkatuan baino prezio merkeagoan eskainiz. Zehazkiago esanda, Suntech Sistemas de Montaje S.L., Kolbi Electrónica S.A., Eurosider Sistemas y Servicios en Siderurgia, S.L., Infaimon S.L., Pepperl+Fuchs, S.A., Intertronic Internacional S.L., eta Prodel, S.A. izan dira, Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoa esparru honetako laborategirik aurreratuenetako batez hornitu duen irakaskuntza-ekimen honekin bat egin duten konpainiak.