Senpere - Estatuak Iparraldeko ikastolen garapena galaraziz euskarari azken estokada eman nahi diolakoan, elkarlanean oinarrituriko urratsaren aldeko keinua luzatzen du Seaskako zuzendariak.

Karta onak behintzat bai, honezkero 3.100 ikasle...

-Datorren ikasturtean 3.200era pasako gara. Ikasle kopuruaren hazkundeak aurrera segitzen du. Baina karta onak eskuetan izateko, herritarren sustengua behar dugu, eta urtero Herri Urrats festa bat izateaz gain, Euskal Herri osoak ikastolei eta euskarari ematen dion sostenguaren lekuko izaten da.

Herriaren sustengua erronka da?

-Gertatzen dena da Paristik prefeta eta suprefeta berriak etortzen zaizkigula 2 urtero eta ez dakitela nora etortzen diren. Herri Urratsa izaten da momentu inportante bat erakusteko herri oso batek sustenga-tzen duela euskara eta ikastolak. Guretzat apostu inportantea izaten da urtero jende asko etortzea, agintari frantsesek ikus dezaten herri oso bat dagoela ikastolen sustenguan.

Zirkular berriak ikastolen arazoaren %80a konponduko duela aginduz, gainontzeko %20a arriskuan jartzen du?

-Zirkular horrekin prefetak dio gure arazoak konponduko direla baina guk esaten duguna da arazo berriak sortzen dituela eta gaur egun zirkular hori aplikatuko balitz, ditugun ikastolen %80 ez litzatekeela sortuko ere, ze udalei debekatzen die edozein laguntza ematea ikastolei eta guk ikastola gehienak udalen laguntzarekin egin ditugu, beraz zirkular hori muga-tzailea da eta nolabait gure garapena oztopatu nahi duen zirkular bat da, azken finean estatuak 200 urtez egin duena: euskara trabatu, euskerari makila gehiago. Berriz ere horretan dabiltza.

Baina proiektu berriekin garapena bultzatzea lortzen ari zarete, ezta?

-Halabeharrez, datorren ikasturtean, orain baino 200 ikasle gehiago eskolaratu beharko ditugu, beraz horrek lanak eskatzen ditu, eta eskatzen du udaletxeen laguntza. Dei egiten diegu ikastolekin elkar lanean segi dezaten orain arte bezala, baina muga askorekin, eta horregatik Eusko Jaurlaritzaren lagun-tza ere behar dugu, denen laguntza.

Miarritzeko lizeoa egin nahi duzue.

-Azken urteetan Herri Urratsak Xalbador ikastegia berritzeko balio izan du eta hemendik aurrera, datozen Herri Urratsak lizeo berri hori eraikitzeko izango dira, baina Herri Urrats batekin ez da konponduko ze milioi asko behar dira.

Euskeraren etorkizuna ikastolei lotuta dagoela adierazi nahi duzue, beste hezkuntza ereduek ez dute euskararen geroa bermatzen?

-Hemen, ikastolak dira D eredua egiten duten bakarrak, Hegoaldean badago D eredua publikoan eta pribatuan ere, hemen ez, hemen ikastolak dira bakarrak. Beraz, euskara salbu ikusi nahi baldin badugu ikastoletatik etorriko da. Izan ere, ikastolak dira dugun azken esperantza, ze inkesta soziolinguistikoaren arabera, duela 20 urte 3tik 1 euskalduna zen Ipar Euskal Herrian eta gaur egun 10etik 2 pasatxo dira euskaldunak.Ikastolei trabak ezartzea azken finean gure hizkuntzari azken estokada ematea da.

Musa orduan... Herritarrei dagokigu mintzatzea!

-Azken finean estatuak erasotzen bagaitu ere, guk honetan irabazi besterik ez dezakegula egin. Bestela, ikastolek ez badute irabazten, ikastolen desagerpena segurtatua da eta beraz, kondenatuak gaude irabaztera estatuaren parean.