korrika 18n parte hartuko dugunok aniztasuna erakutsiko dugu; sekula baino parte hartze zabalagoa izango da eta euskara elkarri ematearen beharra zabalduko dugu mundura", aldarrikatu zuten atzo euskalakariek. Andoainen bideari ekin zion Korrika 18 Baionara iritsiko da martxoaren 24an 2.587 kilometro egin eta ehunka eskutatik igaro ondoren. Bitartean, Euskal Herri osoa zeharkatuko ditu hamaika egun eta hamar gautan mezu bakar batekin: Eman euskara elkarri. Jendetza bildu zen atzo Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean lehen kilometroari ekiteko aterkiak alde batera utzi eta Esne Beltzaren abestia bidelagun zutela.

Oholtza gainean Edurne Brouard Korrikaren arduradunak lekukoa pasatu zien lehen eramaileei, hau da, Samara Velte eta Jon Barandiaran Berria egunkariko langileei eta hortik aurrera, Martin Ugalde Kultur Parkeko hamabi langileen eskuetatik eta Irrien Lagunetatik pasatu zen lekukoa. Hala ere, lasterka hasi aurretik Oskar Elizburu, AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideak hartu zuen hitza eta "Korrika 18k euskal gizarteari aktibaziorako eta elkarbizitzarako mezua dakarkiola" aditzera eman zuen. "Argi dugu hizkuntza normalizaziorik gabe ezin dela gizarte normalizaziorik eman eta elkarbizitzarako ezinbesteko tresna badugu, beraz, gizarte osoak ezagutu beharko du euskara; ekimen horretan aritu beharko dugu denok", azaldu zuen ibilbideari ekiteko minutu batzuk falta zirela.

Horretaz gain, "euskara zabaltzeko, ezagutza unibertsaliza-tzeko eta hizkuntza normalizatzeko sustapena egiten eta ikasteko eta erabiltzeko baliabideak jarri behar direla", aldarrikatu zuen. Edizio honetan gau eskoletan, barnetegietan eta beste hainbat lekutan euskara ikasten ari diren lagun omendu nahi izan ditu Korrikak. Atzo Andoaindik Adunara eta Tolosaldera sartu zen Korrika eta, ondoren, Goierrira. Nafarroara gauez pasatu zen Altsasutik. Elkarteetako ordezkariak, udalak, dantza taldeak, guraso elkarteak, ikastetxeak, elkarte gastronomikoak, kirol taldeak... Baionara iritsi arte ehunka lagunen eskuetatik pasatuko da datozen egunotan lekukoa.

Euskalgintzaren bihotza Andoain- darrak harro egoteko moduan zeuden atzo. Izan ere, Udalak zabaldu zuen oharrean aipatzen den bezala, Martin Ugalde Kultur parkean hastearen aitzakiapean, euskararen normalizaziorako bidean "ezinbesteko izan diren hiru elementuri egin nahi izan zien gorazarre" AEK-k: Martin Ugalde berari, lehena; orain hogei urte, Ugalde omendu zuen Korrikak, eta hark egin zuen azken kilometroa, Bilbon. Bigarrenik, urte hartan bertan hil zen Joxemi Zumalabe; hain zuzen ere, haren mezu bat joan zen lekukoaren barruan, Ugaldek berak azken ekitaldian irakurri zuena. Eta azkenik, duela hamar urte itxi-arazi zuten Euskaldunon Egunkaria; Ugalde eta Zumalabe izan ziren, hain justu, egunkariaren sortzaileetako ba-tzuk, eta haren itxierarekin batera etorri zen Berria egunkariaren sorrerak erakusten du, AEKren hi-tzetan, "haiek ereindako hazia etengabe loratzen doala".

Hazi horren ernamuina, beraz, Andoainen bertan aurkitzen da. "Euskalgintzaren bihotza bertan egotea ohore bat da, Andoainek euskararekin izan duen lotura historiko-kulturala agerian uzten baitu. Gu guztion ardura da horri heltzea, belaunaldiz belaunaldi transmisio lan hori egitea; Korrikaren mezuak dion bezala, euskara elkarri ematen jarraitzea", aditzera eman zuen Andoaingo Udalak. Baionara iritsi bitartean, asko izango dira Korrikaren parte izango diren herritarrak. Alabaina, asko dira Euskal Herritik kanpo daudelako edo beste ezintasunengatik parte hartu ezin dutenak baina ekarpena egin nahi dutenak. Horientzat guztientzat Ziberkorrika martxan da, nahi duenak euro batetik gorako ekarpena egin ahal izango duelarik.