Edizio desberdina da, berezia. Beste behin ere, Araba Euskaraz itzuli da, herritarren artean euskararen erabilera bultzatzeko mugarik gabe. Igone Zubizarreta Argantzun ikastetxeko zuzendariak esan du edizio honek ilusio handia sortzen duela berrikuntzengatik.

Araba Euskararen edizio berri bat ospatuko da gaur. Nolakoa izan da edizio hau antolatzea?

Oso ondo joan dira prestaketa lanak. Arabako zortzi ikastolak ilusio handiarekin ibili gara antolakuntzan murgildurik, denak bat eginda, Argantzun ikastolaren alde egiteko.

Zer izan da zailena?

Urte honetako dinamikarekin lana banatu dugu zortzi ikastolen artean, eta guztion artean auzolanean aritu garenez, pertsona gehiago ari gara lanean, eta horrek lana errazten du.

Aurten, koronabirusa kontrolatzeko ezarritako murrizketarik gabe ospatu ahal izango da. Edizio berezia, beraz.

Bai, zorionez, koronabirusa kontrolatzeko murrizketarik ez dugu izango eta edizio berezia izango da. Lehen aipatu dudan moduan, zortzi ikastolen artean antolatzen ari gara aurtengoa, eta ez hori bakarrik, jai ereduari ere buelta bat eman nahi izan diogu; jai familiarragoa izatea dugu helburu. Hortaz, pertsona eta adin guztientzako ekintza desberdinak egongo dira.

Zer berrikuntza ekarriko ditu edizio honek?

Urtean zehar ekimenak antolatzeko moduan aldaketak egon dira, eta aipatu dudan moduan kudeaketan ere aldaketa handia eman dugu Araba Euskaraz lurraldeko zortzi ikastolen artean antolatuz. Baina, dudarik gabe, aurtengo berrikuntza handiena da ez dela zirkuitorik egongo. Jaia Olarizuko lorategi botanikoan ospatuko dugu, eta hau banatuta egongo da gune desberdinetan.

Ikastolen aniztasuna agerian utzi nahi duzue edizio honetan, sortutako irudia eta leloarekin. Zergatik?

1981ean izan zen lehen Araba Euskaraz, Gasteizen, Olarizun. Ikastolen Elkartean ziren ikastola guztien artean antolatu zen. Ideia hori berreskuratu dugu, kudeaketan ere gauzatu dugu zortzien artean antolatzearena eta noski, hori horrela izanda leloa eta irudia sortzerako orduan Arabako zortzi kuadrillak eta ikastolak irudikatu nahi genituen ere. Araba, zazpi talde, bat euskararen alde izan zen orduko leloa. Arabako zazpi kuadrillei egiten zien erreferentzia. 2022koa, berriz, Zortzigarren alaba da. Gorka Knörr-en Araba abestiaren ildotik, zortziak erreferentzia egiten die Arabako zortzi ikastolei, Arabako zortzi kuadrillei (zazpi ofizialak + Trebiñu), batasunaren erreferentziari (zortziak bat), eta Trebiñuri (bera da zortzigarren alaba).

Araba Euskaraz gaur ospatzen da, baina baita urte osoan ere. Nola?

Aurten Araba euskaraz Olarizuko lorategi botanikoan izango da, baina ikastolak dauden herriek presentziarik galdu ez dezaten eta ikastola guztien arteko sarea sendotzeko ahaleginetan, ikastola bakoitzean ekintza desberdinak antolatu ditugu. Mota desberdinetako ekintzak izan dira: mendi-martxak, pilota topaketa, orientazio frogak, hitzaldiak, LO(r)TUKO DUGU! Martxa Trebiñu Arabari lotzeko, bertso topaketa... Horrela, Arabako kuadrilla desberdinetan (ikastolak dauden kuadrilletan) ekintzak prestatu ditugu: Arabar Errioxan, Gasteizen, Lautadan, Aiaraldean eta Trebiñun.

Zein da ospakizun honen helburu nagusia?

Ikastolen Jaiek badituzte orokorrean helburu finko batzuk: Euskara eta euskal kulturaren sustapena; euskararen erabilera eredu ez formalera eramatea, hau da aisialdira; ikastola komunitatearen zabalkundea eta gizartearekiko dugun konpromezua zabaltzea... Eta aurtengo Araba Euskarazek baditu bai hainbat helburu, baina honako hau da helburu nagusiena: gure lurraldean, Araban, euskara eta euskal kultura bultzatzen jarraitu ahal izateko baliabideak lortzea. Eta zabalkunde hori burutu ahal izateko ezinbestekoa da Trebiñuko Argantzun Ikastolaren hezkuntza proiektuari egonkortasuna bermatzea ere. Eta horretara bideratuko ditugu jai honetan jasotako ekarpenak. Beste alde batetik, ikastola komunitatea indartzeko eta ikastola ereduaren zabalkunderako ere baliagarri zaigu gure jaia.

Horrelako ekitaldiak laguntzen du euskararen erabilera bultzatzen?

Noski, ekitaldi hauekin euskararen erabilera bultzatzen da. Guretzat konkretuki oso ekitaldi garrantzitsua da zentzu horretan. Gure ikastolak hurrengo urtean 20 urte beteko ditu eta erronka horrekin daramagu jaio zenetik. Ikastola sortu zenetik gure helbururik nagusiena Trebiñun euskara bermatu eta presentzia izatea izan da.