Síguenos en redes sociales:

Giltzurruneko 100 transplante egin ditu Osakidetzak urteko lehen seihilekoan

"Kasu askotan, giltzurruneko transplantea aukerarik onena da giltzurruneko gaixotasun aurreratua duten pertsonentzat, nabarmen hobetzen baita bizi kalitatea nahiz itxaropena dialisiarekin alderatuta"

Giltzurruneko 100 transplante egin ditu Osakidetzak urteko lehen seihilekoanUtzitakoa

Osakidetzak giltzurruneko ehun transplante egin ditu dagoeneko aurten Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean. Orain arte inoiz ez da horren goiz horrelako kopururik lortu, eta, beraz, "agerian geratu da programaren jarduera izugarria", eta berretsi da "erreferente" dela giltzurruneko transplantearen alorrean, Osakidetzatik jakinarazi dutenez.

Azken hamarkadan, Osakidetzaren giltzurruneko transplanteen programa bere horretan mantendu da eta urtean batez beste 150 transplante inguru egin ditu. Zehazki, azken hamar urteetan urtean 143 eta 178 transplante bitartean egin izan dira, "eta hori aintzat hartuta ikusten da zein garrantzitsua den 2026ko lehen seihilekoan jada ehun prozeduren kopurura heldu izana".

Alde batetik, konplexutasun handiko prozesuan inplikatutako profesional ugariren koordinazio lanaren erakusgarri da emaitza, eta, bestetik, emaileen kopuru handiari ere zor zaio lorpena. "Transplanteak egiteko ezinbestekoa da emaileek bizirik nahiz heriotzaren ostean erakutsitako eskuzabaltasuna, eta oso antolakuntza nahiz protokolo zorrotzak dituen prozesua da", adierazi dute.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak hildako emaileen nahiz emaile bizien transplanteak egiten ditu, modalitate konplexuak barne, eta, horri esker, konplexutasun handiko kasuak artatzen dira eta geroz eta handiagoa den eskariari erantzuten zaio. "Kasu askotan, giltzurruneko transplantea aukerarik onena da giltzurruneko gaixotasun aurreratua duten pertsonentzat, nabarmen hobetzen baita bizi kalitatea nahiz itxaropena dialisiarekin alderatuta."

Aldi berean, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak jarduera handia du gibeleko transplanteetan ere, urtean 70-75 interbentzio egiten baitira batez beste. 1996ko otsailaren 1ean programa hasi zenetik, zentroak 2.000 gibel transplante inguru egin ditu, eta dagoeneko 34 egin ditu aurten, azkena asteazkenean.

Emaile gehien dituen munduko autonomia erkidegoetako bat da Euskadi, eta horri esker konplexutasun handiko programei nahiz jardueraren bolumen handiari eutsi ahal zaie. Horrela, Osakidetza erreferente gisa finkatu da Estatuan nahiz nazioarean.